Tabakorik gabeko Nazioarteko Egunarekin bat egin du Bilbok
Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bat mundu osoan ospatzen den Tabakorik gabeko Nazioarteko Egunarekin. Aurten, Zorrotzako Osasun Astearen laugarren edizioarekin bat eginez, arlo horren inguruan kontzientziatzea helburu duen kanpaina bat jarri du martxan.
Oraingoan 2.800 zigarrokin inguru bildu dituzte eta ondoren, erakusgai jarri dituzte informazio-kartel batekin batera, tabakoak osasunean duen eraginaz sentsibilizatzeko.
Ekitaldia Kerik Gabeko Guneen Sarea erakundearteko lankidetza-proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren "Tabako-kerik gabeko Euskadi" estrategian sartuta dago, eta Bilboko Udala 2022ko maiatzean atxiki zen. Ekimen honen bidez erantzuna eman nahi zaio 2023-26ko Adikzioen VI. Tokiko Planaren helburuetako bati, adikzioen prebentzio komunitarioko proiektu integralak garatzeko, osasuna sustatzeko programetan txertatuta eta Bilboko auzoen errealitatera egokituta.
Zorrotzan egindako jardueran 50 pertsonak parte hartu dute, eta minbiziaren aurkako Elkarteak eta Gure Lurra auzoko lan komunitarioko erakundeak koordinatu dute. Jarduera horren helburua da kerik gabeko giroak sortzea, tabakoaren kontsumoa prebenitzeko eta erretzen hasteko adina atzeratzeko, eta, gainera, kontsumo pasiboa saihestea, batez ere adingabeen kasuan. Kerik gabeko guneak gero eta gehiago izan eta osasuna eta ingurumena hobetzearekin batera, lortu nahi da tabakoaren kontsumoa ez dadila normalizatuta egon.
Programa garatzeko, berriz ere Zorrotza aukeratu da, auzo horrek gizarte-sare sendoa duelako eta uriko tabako-kontsumoaren indizerik handienetako bat duelako.
Tabakoaren kontsumoa gazteen artean eta alternatiba berriak
Espainiako bigarren hezkuntzako, DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleen droga-kontsumoari buruzko azken azterlanaren arabera, 12-13 urteko ikasleen % 8,5ek aitortu du noizbait tabakoa erre duela. Kontsumoa zertxobait hedatuagoa dago nesken artean mutilen artean baino. Bigarren Hezkuntzako drogen erabilerari buruzko azken inkestaren arabera (ESTUDES), alde horiek areagotu egiten dira 14-18 urteko ikasleen artean.
Adin-tarte horretan, nesken % 30,8k eta mutilen % 24,7k tabakoa erre dute azken hamabi hilabeteetan. Nesken % 8k eta mutilen ia % 7k egunero erretzen dute.
ESTUDES inkestaren arabera, adin horretako nesken % 43,4k eta mutilen % 39,1ek erretzeari uztea pentsatu dute eta uzten saiatu dira. Zertxobait gutxiago dira uztea pentsatu bai baina saiatu ez direnak: % 31,5 eta % 28,9, hurrenez hurren. Erretzeari uzteko asmorik agertu ez dutenen artean, ehunekoak alderantzizkoak dira: mutilak % 32 dira, eta neskak % 25,1.
Bestalde, bapeatzea tabakoaren alternatiba bihurtu da, nahiz eta aditu guztiek ohartarazi duten osasunerako tabakoa bezain kaltegarria dela. Adikzioei buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko azken inkestaren arabera, tabakoaren erabilera murriztu egin da, baina zigarreta elektronikoen eta bestelako gailuen (adibidez, bapeatzeko gailuak) erabilerak gora egin du. Zehazki, 15 eta 21 urte bitarteko lau gaztetatik bat adin horretan hasten da bapeatzen. Datu hori laukoiztu egin da azken sei urteotan.