Gaurtik aurrera, bilbotarrek Erripa kaleko zazpigarren zenbakira hurbildu ahal izango dira ekainaren 15etik aurrera indarrean sartuko den emisio gutxiko eremuari (EGE) buruzko informazioa jasotzeko. Bertan, informazioa jasotzeaz gain, EGEri lotutako kudeaketa guztiak egin ahal izango dira. Bulegoa irekita egongo da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 18:30era (uztailean eta abuztuan, 08:00etatik 15:00etara), eta horrez gain arretarako telefono-zenbaki bat eta webgune bat jarri ditu martxan Udalak.

Tramite horiek telematikoki ere egin ahal izango dira, mugikorretarako aplikazio baten bidez. Ordenantza indarrean jartzen denean jarriko da martxan aplikazio hori, hau da, 2024ko ekainaren 15etik aurrera.

Bien bitartean, gaiari buruzko informazio guztia online ere egongo da, laster esteka honetan. Web-orri hori badago martxan, eta araudia betetzeko behar den informazio guztia jasotzen du.

Era berean, gaurtik aurrera, harremanetarako 94 644 54 12 zenbakia dago eskuragarri. Telefono horretara deituta, Bilboko EGEren ordenantzaren edukiari eta hura betetzeko moduari buruzko informazioa lortu ahal izango dute herritarrek, eta gonbidapenak kudeatu ahal izango dituzte egoiliarrek.

Emisio gutxiko eremuaren (EGE) araudia ekainaren 15ean jarriko da indarrean, eta osasun publikoa eta airearen kalitatea hobetzeko balioko du, bai eta urian mugikortasun jasangarria sustatzeko ere. Horrela, Europar Batasunaren gidalerroak beteko dira, 2030erako aurreikusitako ingurumen-helburuak lortzeko helburuaz. 

Maiatzaren 10ean onartutako ordenantzaren arabera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak, bizikletak, bizikleta elektrikoak, beste ziklo batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak sartu eta ibili ahal izango dira libreki emisio gutxiko eremuan, bai eta bertan aparkatu ere.

Ibilgailu kutsatzaileek (B) eta oso kutsatzaileek (A) mugatuta izango dute emisio gutxiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea lanegunetan (astelehenetik barikura), 07:00etatik 20:00etara.

Hala ere, muga horietan, badira salbuespenak ibilgailu eta egoera jakin batzuetarako. Hauetarako, adibidez: ordenantza indarrean jarri aurretik EGEn bizi ziren pertsonen ibilgailuak, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak, larrialdietako eta funtsezko ibilgailuak, ibilgailu historikoak eta orduko 45 km baino gutxiagoko abiadura hartzen duten 50 cc baino gutxiagoko ziklomotorrak.

Ordenantzak salbuespen espezifiko horiek eta beste batzuk jasotzen ditu, baita kolektibo batzuei aplikatuko zaizkien trantsizio-aldiak ere, zeinak arauaren ezarpena eta egokitzapena erraztuko baitute.

Horregatik, sartzeko eta zirkulatzeko murrizketak pixkanaka aktibatuko dira ordenantza indarrean jartzen denetik 2029ra arte, ibilgailuen kutsatzeko ahalmenaren arabera. Horrela, 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak bakarrik sartu, ibili eta aparkatu ahal izango dira Bilboko emisio gutxiko eremuan.

Murrizketa orokorra 2024ko ekainaren 15ean jarriko da indarrean A ibilgailuetarako eta etiketarik gabeko ibilgailuetarako, eta urtebete geroago B ibilgailuetarako (hori da egokitzapen-luzamendurik garrantzitsuena).

EGEren lurralde-eremuan erroldatuta dauden eta ordenantza hau indarrean sartu aurretik Bilboko Udaleko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren erroldan alta emanda duten egoiliarren ibilgailuei ez die eragingo araudiak. Salbuespenak barnean hartzen ditu, halaber, egoiliarrek alokairuan, errentamenduan, gozamenean, renting erregimenean, leasing erregimenean edo enpresaren izenean dituzten ibilgailuak.