Datorren astelehenean, apirilaren 29an, hasiko dira Zabalguneko aparkalekua eta erdialdeko enparantza birmoldatzeko lanak. Goizaldean, igandeko 24:00etatik aurrera konkretuki, aparkalekua erabat itxi egingo da obrekin hasi ahal izateko.

Obrak egiten diren bitartean, ibilgailuen zirkulazioa plazaren bi aldeetan etengo dasalbu eta Zabalguneko merkatuaren aurretik doan tartean, Ibañez de Bilbao eta Henao kaleen artean, zeina une oro irekita egongo den. Plazaren mendebaldean trafikoa behin betiko etengo da.

Fase honetan, obrek eragindako zerbitzuen kokapena ere aldatuko da. Aldi horretan, Bizkaibus A3411 Bilbo-Getxo-Azkorri linearen ibilbidea aldatu beharko da, eta taxi-geralekua Henao kaleko 7 zenbakira eraman.

Bestelako aparkaleku publikoei dagokienez, Zabalguneko instalazioak itxi ondoren, txandakako aparkaleku hurbilenak honako hauek dira: Pio Baroja, Areatza, Institutua (Miguel de Unamuno Institutua), Zabalburu, Azkuna Zentroa, Euskadi plaza eta Indautxu plaza. Guztira 2.687 aparkaleku publiko dituzte.

Gainera, obren eragina jasotzen duten kaleetan egoiliarrentzako aparkaleku-plazak kenduko direla konpentsatzeko, Henao kaleko 2 eta 10 zenbakien arteko TAO plazak, baterian aparkatzekoak, orain eremu urdina direnak, eremu berde bihurtuko dira maiatzeko lehen astetik aurrera.

Merkatuko zamalanetarako guneak bere horretan jarraituko du, eta kamioien sarrera eta irteera seinaleztatuko da, inguruko trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko.

Oinezkoen irisgarritasuna, bermatuta

Lanak irauten duen bitartean, oinezkoen irisgarritasuna bermatuta egongo da, bai Zabalguneko eraikinetik hurbil dauden zerbitzuetara, bai plaza inguratzen duten saltoki guztietara. Oinezkoek nozituko duten eragin nabarmen bakarra plazako espazio publikoa erabiltzeko debekua izango da. Plaza horren sarbide perimetrala joan den otsailean itxi zen, aurretiazko lanei ekiteko.

Obrak egingo dituen enpresak, Parking Ensanche Berria aldi baterako enpresa-elkarteak, datozen asteetan informazio-kanpaina bat egingo du zirkulazio-aldaketei, obrei eta azken emaitzei buruz, liburuxkak postontzietan banatuz eta komunikabideetan iragarkiak jarriz.

Obrako komunikatzailearen figura ere egongo da: pertsona hori zalantzak argitzeko edo informazioa emateko prest egongo da obrak dirauen bitartean. Horretarako, obra-etxola bat jarriko da, eta, bertan, lanen garapenarekin eta lanek ingurunean dituzten ondorioekin lotutako kontsultak egin ahal izango dituzte herritarrek.

Proiektuak iraun bitartean, obren eragin akustikoaren laginketa espazial eta tenporala egingo da, hasieratik amaierara arte. Hala, faseak eta kontrol-puntuak zehaztuko dira, eta, haietan, ingurune-zarata eta -bibrazioa neurtuko dira aldizka.

Era berean, ekipamendu bereziak jarriko dira hautsak eragindako eragozpenak minimizatzeko, eta etengabe ureztatuko da eremua, hautsa zabal ez dadin. Halaber, kamioien gurpilak garbituko dira obratik irten aurretik.

Bost aparkaleku-solairu eta plaza zabalagoa

Plaza berriaren urbanizazioa 2025eko udazkenean hasiko da, aparkalekua zimendatzeko eta forjatzeko lanen ostean. Instalazio berriak 2026ko udazkenean irekitzea aurreikusten da.

Teknologiarik berrienak dituen aparkalekua izango da, bai eta berdegune izango den plaza berri bat ere, zuhaitzez josia eta aisialdirako eremu zabal bat duena.

Aparkaleku berriaren berrikuntzen artean, egoiliarrentzat bakarrik izango den solairu baten eraikuntza azpimarratu behar dugu. Solairu horrek 114 plaza izango ditu; haietatik 5 mugikortasun urriko pertsonentzat izango dira, eta 4 motorrentzat. Gainera, solairu horretan bizikletak gordetzeko gela bat jarriko da.

2025eko udazkenean irekiko da aparkalekuan egoiliarrentzat gordetako 114 plazetako bat eskatzeko epea. Plazak zozketa bidez esleituko dira, eta urtebeterako emango dira (berritzeko aukera egongo da).

Guztira, aparkaleku berriak 5 solairu izango ditu, gaur egungo 3 solairuen aldean, eta 549 plaza. Horietatik 17 mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuentzat izango dira, eta 8 motorrentzat.

Instalazio berriek ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ere izango dituzte. Hasiera batean, txandakako erabiltzaileen % 10i eta egoiliarren % 25i emango diete zerbitzua, baina etorkizunean % 100era arte zabaltzeko aukera dago. Aparkaleku berriak bi igogailu izango ditu (haietako bat bizikletentzat), matrikulak irakurtzeko sistema bat izango du, eta egoiliarrek sarrerako kontrol independentea izango dute. Barruko ikusgarritasuna ere hobetuko da, puntu ilunak saihesteko. Zaintza-kamerak jarriko dira.

Aparkaleku berrirako sarrera mendebaldean egongo da (osasun-zentroa dagoen tokian), eta irteera, berriz, hegoaldean, Colon de Larreategui kalean. Sarrerako kalea aparkalekura sartzeko baino ez da izango; gaur egun ibilgailuek erabiltzen duten espazioa oinezkoentzat izango da eta plaza berrian integratuko da.

Plaza berria diseinatzerakoan, ingurumen-aldagai ugari hartu dira kontuan; esaterako, azterketa bioklimatiko bat, barnean hartzen dituena eguzkiztapenari buruzko ikerketa bat eta bero-uharte efektua eta isurtze-uren bolumena murrizteko estrategiak. Espazioaren funtzionalitateari buruzko beste aldagai batzuk ere kontuan hartu dira, espazioa ahalik eta erabilgarriena izan dadin herritarrentzat. Berdeguneek espazio gehiago izango dute plazan, dauden zuhaiztiak handitu egingo baitira.