Benicio Alonso Gómez ETAren biktimaren omenezko plaka jarri du Bilbok
ETAren biktima izan zen Benicio Alonso Gómez gogoratzeko plaka bat jarri dute gaur goizean, berari eskainitako ekitaldi batean. Banco de Vizcaya bankuko langilea zen eta ETAk hil zuen 1983ko otsailaren 5ean, finantza-erakundeak garai hartan Kale Nagusiko 1. zenbakian zeukan egoitzan bonba batek eztanda egin ondoren. Plaka hau Bilboko Udaleko eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko ordezkariek jarri dute.
Plaka atentatua gertatu zen inguruan kokatu da eta gaur lore-eskaintza bat ere egin da bertan; ekitaldi solemne batean, agintariek eta herritarrek biktimaren senideak babestu dituzte.
Benicio Alonso Gómez, 51 urtekoa, Barcan jaioa (Soria), ezkondua eta bi alabarekin, Banco de Vizcayaren bulegoetan lan egiten zuen 1983ko otsailaren 5eko goizean maleta batean jarritako bonba bat lehertu zenean erakundearen egoitzan. Zauri larrien ondorioz, egun bi geroago, otsailaren 7an, hil zen Basurtuko Ospitalean. Atentatu berean erakundeko beste bi langile hil ziren, Ramón Iturriondo García eta Aníbal Alfonso Izquierdo Emperador, eta beste sei zauritu ziren, horietako batzuk larri.
Garai hartan, eta gertatutakoak eragin handia sortu ondoren, gaitzespen-manifestazio jendetsua egin zen eta "ETAren aurkako lehen manifestazio masiboa Euskadin" izan zela esan zuten.
Bilboko Memoriaren Mapa
Hauxe da terrorismoaren biktimak oroitzeko Bilbon jartzen den hirugarren plaka. Lehenengoa 2021eko azaroan jarri zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroitzapenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan. Bigarrena 2022ko irailean, José María Urquizu Goyoganaren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela. Plaka hori, familiak berak hala nahi zuelako, Casilda Iturrizar parkean dago. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua.
Sinbolo horiekin “Bilboko Memoriaren Mapa” deritzona eratu nahi da, Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena, biktima horien oroimena bizirik mantentzeko. Aldi berean, uriko indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiek georreferentziatu nahi dira, eta eraildako pertsonen istorioak ahanzturatik berreskuratu, herritarrengana hel daitezen. Horretarako, gune bat sortu da udalaren webgunean “Bilboko Memoriaren Mapa” sartzeko; plaka bakoitzaren behealdean dagoen QR kode baten bidez sar daiteke.
Bakearen eta bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea
“Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topagunea” 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal politika publikoetan laguntzeko lankidetzarako topalekutzat. Honen helburua errespetu eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostu eta horien inguruan lan egitea da.
Enpatia eta elkartasuna, erantzukizuna eta konpromisoa eta aniztasunarekiko tolerantzia eta errespetuaren printzipioetan oinarrituta, Bilboko Topaguneak honako konpromiso hauek ere hartu ditu: “biktimak aitortzea, elkarrizketa ahalbidetzea, biktimekin zein biktimen artean, adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak aitortu eta babestuko dituen lege-esparrua garatzen jarraitzeko”.