Ostiralean, otsailaren 23an, Hego Koreako Yongin hiriko ordezkaritza ofizial batek bisitatu egin zuen Bilbo, azken hamarkadetako eraldaketa-prozesua bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Hala, eguerdian harrera egin zioten Amaia Arregi alkateak eta Eider Inunciaga Nazioarteko Gaietako zinegotziak.
Hego Koreako ordezkaritzan, Lee Sang Il Yongineko Alkatea buru, goi mailako sei kargudun instituzional ere etorri dira, kulturaren, komunikazioaren, garapen ekonomikoaren eta enpresa-sustapenaren arloetakoak, besteak beste, eta Bilbo nazioarteko erreferentziazko hiri bihurtu duen eraldaketa urbanistiko, ekonomiko eta sozialaren prozesuari buruzko aurkezpen-saio batean parte hartu dute.
Lee Sang Il, 62 urte, Seulgo Unibertsitate Nazionalean Ekonomian lizentziatu, eta kazetari politikoa izan da Hego Koreako hiru egunkaririk handienetakotzat jotzen den “JoongAng Ilbo” egunkarian. Horrez gain, irakasle ibili da Danguk, Konkuk, Myongji eta Yongineko unibertsitateetan. Politikan Park Geun-hye Hego Koreako presidente ohiaren gomendioz sartu zen, eta Hego Koreako Parlamentuko diputatu izan ondoren, 2022ko uztailean Yongineko Alkate hautatu zuten.
Yongin Seul hiriburutik 33 kilometro hegoaldera kokatutako milioi bat biztanle inguruko hiria da, eta Hego Koreako gobernuak beste hiri batzuekin batera hautatu du munduko erdieroaleen klusterrik handiena bertan kokatzeko, Samsung Electronics eta SK Hynix inbertitzaile nagusiak direla.
Aldi berean, Yongineko Udalak Hego Koreako hiri hau bizitzeko leku atsegina bihurtu nahi du, ingurumenarekiko begirunea oinarri duen garapen-eredu jasangarri baten bidez eta kulturaren eta gizabidezko balioen aldeko konpromisoari helduta, Yongineko berpizkunde metropolitarraren euskarritzat.
Bilboko egonaldia osatzeko, Yongineko ordezkaritzak Guggenheim Museoa bisitatu du larunbat honetan.