Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskaerak egiteko epea ireki du

Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euro inguru bideratuko ditu Bizkaiko hiriburura laguntza horiek kudeatzeko

Bilboko Udalak Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskaerak egiteko epea ireki duB.U.

Bilboko Udalak Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskaerak egiteko epea ireki du. 2024ko ekitaldirako, Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euro inguru bideratuko ditu Bizkaiko hiriburura laguntza horiek kudeatzeko. Laguntza horiek etxebizitzaren alokairurako eta sortzen diren bestelako gastuetarako, osasun arloko lehen mailako beharrizanetarako eta elikagaietarako dira, besteak beste. Dirulaguntzak online izapidetu ditzakete erabiltzaileek, Udalaren web-orriaren bidez, sinadura elektronikorik edo erabiltzaile eta pasahitzik behar izan gabe. Horrela, arreta garden eta eraginkorra bermatzen da, erraza, berehalakoa eta ordutegi aldetik malgua, joan-etorririk gabe.

Udalak, kolektibo batzuek jasaten duten arrakala digitala saihesteko, telefonoz ere eskainiko du arreta (94 420 59 66), eta, beste izapidetze-kanalik ezean, aurrez aurre ere bai zailtasun teknologikoren bat dutenentzat (hitzordua behar da aldez aurretik).

Modu berean, 67 urtetik gorako pertsonei Gizarte Ekintzako Sailetik dei egin zaie, prestazioak errazago eskuratzeko eta euren beharren araberako arreta pertsonalizatua bermatzeko.

Udalak, gainera, helbide elektroniko bat prestatu du zalantzetarako edo kontsultetarako: aes.web@bilbao.eus.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek urte osoan zehar arreta ematen diete, modu arrunt eta jarraituan, gizarte-akonpainamenduko prozesuei buruzko eskaera guztiei, baldin eta larriak badira eta dirulaguntza hauek jasotzeko modukoak badira.

EUSKO JAURLARITZAREN IRIZPIDEAK

Eusko Jaurlaritzak zehaztutako irizpideek baldintzatzen dute udal laguntza hauek ematea edo ez:

  • Alokairua (etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen ez dutenentzat), elkarrekiko alokairua, azpialokairua, ostatatzea, pentsioa edo apopilotza, baldin eta eskatzailea babes ofizialeko etxebizitza batean bizi ez bada.
  • Etxebizitza edo ohiko bizitokia mantentzeko gastuak (ura, zaborrak, estolderia, erkidegoa, OHZ eta etxebizitzaren asegurua).
  • Etxebizitza berriko instalazioari lotutako aparteko gastuak: fidantza, alta horniduretan, eta etxebizitza egokitzea.
  • Altzariak eta etxeko tresna elektrikoak erosteko gastuak (galdara, berokuntza, ur-berogailua, bitrozeramika, arropa-garbigailua, hozkailua, mikrouhin-labea, labea, argi-kontagailua, argiaren ikuskapena, ...).
  • Etxebizitzako bizigarritasunerako eta oinarrizko instalazioetarako gastuak (elektrizitate eta iturgintzako konponketak, sukaldeen konponketak, leihoak, bainuontziaren ordez dutxa jartzea, zorua konpontzea, sarrerako atea aldatzea, margo-lanak, ohea, koltxoia, armairua eta sofa, ...).
  • Aurreko kasu horietan aldez aurretik zorpetzea dakarten gastuak, nahiz eta muga batzuekin, zenbatekoei dagokienez.
  • Osasuneko zerbitzu publikoak asetzen ez dituen lehen mailako beharrizanetarako gastuak (optika, odontologia, psikologia, logopedia, arreta goiztiarra, audifonoa, haurtxoen beharrizanak, farmazia, arropa, garraioa eta antzekoak).
  • Energia-gastuak (hornidura elektrikoa eta gasa).
  • Behar-beharrezko elikagaiak eta higiene pertsonaleko produktuak erosteko gastuak.
  • Hipoteka, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-kredituak amortizatzeko eta interesak ordaintzeko.

Laguntza horien kontzeptuan, onuradunek gehienez 2.500 euro jaso ditzakete espediente bakoitzeko, Bilboko Udalak adierazi duenez. Kopuru hori aparteko egoeretan gainditu daiteke, baldin eta txostenen bidez horretarako beharra dagoela justifikatzen bada, baita alokairua, elkarrekiko alokairua, azpialokairua, ostatatzea eta hipoteka ordaintzeko laguntzak ematen diren espedienteetan ere; 3.600 euro izango dira.

ESKURATZEKO BETEKIZUNAK

Hartzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte eskaera egiteko unean:

  • Bizikidetza-unitate beregain bat izatea eskaera egin baino urtebete lehenagotik, salbuespenak salbuespen.
  • Bilboko Udalean egon behar dute erroldatuta eta han zan behar dute bizileku egiazkoa, eta, gutxienez, 6 hilabeteko antzinatasuna izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Adin nagusikoa izatea, salbuespenak salbuespen.
  • Baliabide ekonomiko nahikorik ez edukitzea (ez daukate baliabide ekonomiko nahikorik baldin eta bizikidetza-unitatearen diru-sarrera garbiak Bermatutako Gehieneko Errentaren % 150 baino txikiagoak badira).
  • Bizikidetza-unitateari legokiokeen Bermatutako Gehieneko Errenta baino bost bider handiagoa den ondarerik ez edukitzea.
  • Aurreko urteetan jasotako GLLak justifikatuta edukitzea.
  • Eskatutako laguntza ez izatea bateraezina beste diru-sarrera edo laguntza batzuekin, irizpide hauen eta dagokion diru-sarrerari aplika dakiokeen gainerako araudiaren arabera. 
  • Eskatzailearen etxebizitzan, laguntzak (GLL/DSBE) jasotzen dituzten bi bizikidetza-unitate bizi ahal izango dira gehienez ere.
  • Indarrean dagoen eta araudiarekin bat datorren alokairu-kontratua izatea.
  • Etxebiden etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda egotea, gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuetarako erabiltzen diren kasuetan.
  • Ez izatea etxebizitzarako prestazio osagarriaren onuradun, salbu eta oinarrizko beharrizanetarako gizarte larrialdiko laguntzak eskatu behar diren kasuetan.
  • Urtean bertan beste GLLrik jaso ez izana.

Gizarte Larrialdiko Laguntzak eskuratzeko, onuradunen urteko diru-sarrerak Bermatutako Gehieneko Errenta (BGE) 1,5 aldiz baino txikiagoak izan behar dira: bizikidetza-unitatea pertsona bakar batekoa bada, 15.132,15 euro oro har, eta pentsioduna bada, 19.167,39 euro. Bi heldu badira, 20.176,20 euro; pentsiodunak badira, 24.211,44 euro. Heldu bat eta adingabeko bat badira, guraso bateko familia eratuz, 20.680,61 euro. Bi heldu eta bi adingabe izanez gero, 26.229,06 euro.