Síguenos en redes sociales:

Amaitu dira Abusu eta Buia auzoak lotuko dituen oinezkoen ibilbide berriaren lanak

Amaitu dira Abusu eta Buia auzoak lotuko dituen oinezkoen ibilbide berriaren lanakB. U.

Iazko abuztuan hasi zituen Bilboko Udalak Abusu eta Buia auzoak lotzeko oinezkoen ibilbide jarraiki eta irisgarri bat eraikitzeko lanak. Bada, aste honetan, lanak hasi eta bost hilabete geroago, amaitutzat eman dira dagoeneko. Obra hori aurrera eramateko, Udalak 615.462 euroko (BEZik gabe) aurrekontua bideratu egin du.

Zehazki, espaloi berri bat egin da Montefuerte parkearen ipar-ekialdeko muturrean, Buia errepidearen luzean zehar. Lanon helburua bizilagunei bide seguru bat eskaintzea izan da; izan ere, orain arte, leku horretatik pasatzeko, galtzadaren bazterretik edo alboz albo doan legarrezko bide batetik joan behar ziren.

Espaloi berria 2,4 metro zabal da, eta Buia errepidearen ondoan joango da, lehengo bide-bazterraren lekutik.

Ibilbidean, bi lauza mota jarri dira: batetik, terrazozko lauza zuri eta gorriak, oinezkoak ibiliko diren guneetan, eta, bestetik, lauza podotaktilak, oinezkoen pasabide bat non hasten eta amaitzen den adierazteko. Horrez gain, zintarria jarri da espaloi berriaren ertzean.

Euri-urak husteko, hormigoizko areka bat eraiki da, eta argiteriaren lurpeko kanalizazioa egin da. Espaloi berrian zehar, 54 led argi berri ipini dira, eta argi bakoitzari urrunetik kudeatzeko nodo bat jarri zaio.

Halaber, argiteriaren linea bat ezarri du Udalak Buia errepidean zehar, oinezkoen pasabidearen eta A-8 autobidearen azpiko tunelaren artean.

Lekuz aldatu dira zutiko seinale guztiak, bai eta norabide-seinaleen zutoina eta ibilbide berriko mugarri ertz zorrotzekoak ere.