Aurtengoa baino % 5,7 handiagoa izango da Bilboko Udalaren aurrekontua datorren urtean. Udalak astearte honetan egindako ezohiko udalbatzarrean onetsi egin du 701 milioi euroko aurrekontuarekin hastea agintaldi berria.

Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak osoko bilkuran azaldu duenez, 2024ko kontuak egiteko lehentasunezko helburua herritarren ongizatea hobetzeko lanean jarraitzea eta uriaren garapen jasangarrian aurrera egitea da. Lehentasun modura hauxe gogorarazi du: "pertsonak beti edukitzea udal-jardunaren erdigunean, auzoak, ekonomia, enplegua, segurtasuna, mugikortasuna, kultura, etxebizitza eta kalitatezko zerbitzu publikoak".

Horretarako, gobernu taldeak daukan konpromiso irmoa nabarmendu du: "egonkortasuna, zorroztasuna eta oreka kontu saneatuetan, zorrik gabe, sendoak eta kaudimendunak, uriaren beharrei erantzuteko eta ezustekoei aurre egin ahal izateko", atzerrian gaur egun dagoen ziurgabetasuna kontuan hartuta.

701 milioi euroetatik, udal inbertsio publikorako 121 milioi euro erabiliko direla azpimarratu du; horietatik 64 auzoetako esku-hartze zehatzetara bideratuko dira; beste alde batetik, 331 milioi euro oinarrizko zerbitzu publikoetarako (argiteria, saneamendua...) erabiliko dira.

Proiektu berriak

Beste proiektu batzuen artean, gainera, Auzokide Planaren partidak milioi 2 handitu direla aipatu du, guztira 14 milioi euro egin arte, eta 4 milioi euro gehiago daudela Bilboko auzoetako obra osagarrietarako. Halaber, beste partida batzuk daude saneamendu-sarea eta ur-hornidura berritzeko, Deustuibarreko uholde-biltegia egiteko, argiteria hobetzeko planerako, goiko auzoetan eta adinekoentzat irisgarritasun handiagoa lortzeko igogailu eta eskailera mekaniko berriak jarrita Masustegi, Artazu Bekoa eta Harrobi kaleetan, besteak beste.

Era berean, Zorrotzaurreko Ituntze Batzarrerako aurrekontua, etxebizitza komunitarioan sartzeko eta etxerik gabeko pertsonei arreta emateko laguntzak; Artxandako Topaleku parkearen proiektua; etxebizitzen sustapena (Udal Etxebizitzak); bizikletan joateko konexioak Zumalacarreguin eta Irala-Miribillan; enplegu planak eta Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroa (BAT) garapen ekonomikoan aurrera egiteko; hobekuntza-obrak Portuko Markesaren kalean eta ondoko kaleetan, espaloiak zabaltzea Madariaga etorbidean, Errekalden, Camilo Villabaso kalean eta San Frantzisko-Cantalojasen; Malaespera meategiaren egokitzapena, bere garrantzia azpimarratzeko; Remar Sarrikue parkea; San Pío X.aren biribilgunea; udaltzaingoaren ibilgailu berriak, Papelera Kunsthal eraikina egokitzea; Artxandako Funikularra modernizatzea, Kobetamendiko ezponda egonkortzea, etxerik gabeko pertsonei ostatua emateko programak, estalkiak kirol-guneetan eta umeentako jolas-guneetan; udaltegi berria Zorrotzan, edo uriko proiektu berriak, esaterako 2024ko UEFA Women's Champions League-ren finala, San Mames zelaian egingo dena.

Marta Ajuria zinegotziak azaldu duenez, proiektu asko eta askotarikoak jarri ahal izango dira abian, Udaleko gobernu taldeak egindako aurrekontuari esker, "etorkizunari eta desafio berriei begira, eta aurreko ekitaldietako ildoekin jarraituz". "Kontu hauek —zehaztu du— jarduera eta hazkunde ekonomikoaren alde egiten dute, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen dute, auzoak hobetzen dituzte eta biztanleen ongizatea bermatzen dute. Azken batean, Bilbok behar dituen kontuak dira."

Eztabaida

Gaurko Udalbatzarreko eztabaida-saioa amaiturik, 2024ko ekitaldiko aurrekontu-proiektua onartu da oposizioko taldeek aurkeztutako osotasuneko zuzenketak ezetsi ondoren. Era berean, Udaleko Gobernu-taldeak (EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatua) oposizioaren 27 zuzenketa partzial onartu ditu, 1.445.000 euroko guztizko balioa dutenak:

  • EH Bilduren 9 zuzenketa partzial onartu ditu, 665.000 euroko guztizko balioa dutenak: merkataritza-banaketarako proiektu pilotua, merkataritza-inkubagailuaren proiektua, euskara ikasteko dirulaguntzak, pertsonen zaintzarako laguntzak, eskola-bideak, berriztagarrien instalazioen sustapena, Zinegoak jaialdia, auzoetako jaiak, kulturartekotasuna
  • Elkarrekin Bilbaoren 8 zuzenketa partzial onartu ditu, 350.000 euroko guztizko balioa dutenak: gizarte-jantokiak indartzea, hiriko udalekuak handitzea, adinekoen zentroetako azpiegiturak, genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak, eskola-igeriketaren sustapena, hezkuntzarako laguntza-programak, osasun mentala, cohousinga.
  • PPren 10 zuzenketa partzial onartu ditu, 430.000 euroko guztizko balioa dutenak: Gabonetako Plana, Bizkaiko Elkarte Artistikoarentzako dirulaguntza, lurpeko aparkalekuari buruzko azterlana, udal merkatuen sustapena, adinekoen eten digitala, bakardadea, komun publikoa, Bakuvarentzako dirulaguntza, Bilboko Hiriaren gaineko karlisten setioa askatu izanaren 150. urteurreneko ospakizuna, Bizkai Sidarentzako dirulaguntza

Azken irizpenak argi berdea eman die 2024ko ekitaldiko kontuei, eta gehiengo osoz onartu dira, gobernu taldea osatzen duten alderdi politikoen aldeko botoekin eta oposizioko alderdi politikoen aurkako botoekin.

Eztabaida eta onarpen saio horren ondoren, abenduaren 28an egingo den beste ezohiko udalbatzar batean berretsi beharko da aurrekontua, eta izapide hori nahitaez bete beharko da, urtarrilaren 1etik aurrera datorren urtean Udalaren jarduna arautuko duten kontu berriak abian jartzeko.