Ostiralean eta larunbatean egingo da Bizkaiko elikagaien bilketa handia
Ostiral eta larunbat honetan egingo da dagoeneko ohikoa den Bizkaiko elikagaien bilketa handia kanpaina solidarioa. Beste urte batez, Bilboko Udalak bat egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin ekimen hau aurrera eraman ahal izateko. Hala adierazi du Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak, astearte honetan Abando hotelean egin den prentsaurrekoan parte hartu duenean. Prentsaurrekoa Luis Crovetto Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteak gidatu du.
Azaroaren 24an eta 25ean –datorren asteburuan–, Elikagaien Bankuko boluntarioak supermerkatuetara eta merkataritza-gune handietara itzuliko dira, bezeroak jarduera solidario honetan parte hartzeko motibatzeko eta orientatzeko. Jarduera hau 1995etik egiten da gure lurralde historikoko behartsuen alde.
Luis Crovettok azaldu duenez, “2022. urtean, paradoxa bat gertatu da: inoiz baino dohaintza gehiago jaso ditugun arren, gure onuradunei ematen diegun oinarrizko dieta murriztu behar izan dugu, inflazioaren ondorioz. Are gehiago: Bilketa Handia beti izan da funtsezkoa entregatzen ditugun elikagaiak berritzeko, baina aurten premia larriagoa da, urte bukaera honetan biltegiak ia hutsik baitauzkagu”.
Ohikoa denez, kolaboratzeko modua izango da establezimenduetan txanda egiten duten boluntarioei elikagaiak zuzenean ematea, edo elikagai-bonua erabiltzea, erosketa ordaintzeko unean kutxan uzten dena. Elikagaien Bankuak gogorarazten du elikagai-bonuen bidezko bilketa elikagaien katean gelditzen dela, elikadura-enpresa kolaboratzaileetan. Bonuak ez dira kate horretatik ateratzen, eta Bizkaian egoera kalteberan dauden familia eta pertsonentzako janaria eskuratzeko baizik ez da erabiltzen. Elikagai-bonua erostean, saltokiak ematen duen tiketean geratuko da adierazita diru-zenbatekoa.