Hiru asteko lanen ondoren, Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu Juan Zarate artistaren Zazpikaleetako Julián Echevarría 'Kamaroi' kantoiko irudi bandalizatua lehengoratzeko lanak.
Lehengoratzen hasi aurretik, obraren egoera zaharberritze-tekniketako adituen talde batek ebaluatu zuen, eta udaleko teknikariek eta arduradunek gainbegiratu zuten. Guztiek batera, obran esku hartzeko aukerak zehaztu zituzten.
Horrela, behin tratamenduko alternatibak zeintzuk diren jakinda eta horma-irudiaren balio eta interes artistikoa kontuan hartuta, Udalak hura berreskuratzea erabaki zuen.
Eta ezaugarri horiek dituzten beste lan batzuetan bezala, esku-hartze txikienaren irizpidea bete da, hau da, zaharberritzaileek grafitiak garbitu dituzte –eremu batzuetan pinturaren jatorrizko kolorea erabat ezkutatu baitute–, ahal den neurrian, gainazalean jatorrizko pintura azaleratu dadin berriro.
Gainera, batez ere goiko eskuineko izkinan dauden zartatuak konpondu dira eta, azkenik, grafitien aurkako berniza aplikatuko da babes modura, irudia etorkizunean kontserbatzeko.
Intxaurtxueta plazako umeen jolasgunea
Bestalde, Bilboko Udalak aste honetan hasiko ditu Intxaurtxueta plazako umeen jolas-gunea hobetzeko obrak, Errekaldeberri auzoan. Lan horiek hiru hilabetez luzatuko dira eta parte-hartze bidezko aurrekontuen barruan daude.
Guztira 344.856 euroko inbertsioa bideratuko da espazioaren berritze integrala eragingo duten lan horietara, eta gai espezifiko eta komun batez hornituko dira elementu berri guztiak: "Printze txikia" ipuina.
Estalkia jarriko da eguraldia edozein dela ere erabili ahal izateko. Eta gainera jolas-gunearen azalera handituko da eta elementu berriak jarriko dira.
Kautxuzko zoladura berrituko da, altzari berriak jarriko dira (eserlekuak, luminariak...) eta jolas-gunerako irisgarritasuna hobetuko da.
Bilboko parte-hartze bidezko aurrekontuak prozesu irekia dira. Herritarrei aukera ematen die ideiak proposatzeko, Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat nola erabili erabakitzeko eta ekimenik onenak hautatzeko.