Ekainean eten behar izan ziren Masustegiko igogailu inklinatuaren obrak martxan jarri egin ditu berriro Bilboko Udalak astelehen honetan. Lanak bertan behera utzi behar izan zituzten obren eremutik oso hurbil erdi-tentsioko linea bat zegoelako.

Igogailuaren lanekin jarraitu ahal izateko, linea lurperatu ez ezik, hura beste leku batetik bideratzeko proiektu bat egin behar izan da; Iberdrolak, instalazioaren jabeak, eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak proiektu hori izapidetu eta onartu behar izan dute.

Izapide horiek egin ondoren, aireko linea desmuntatu eta lurperatzeko moduan dago dagoeneko, eta igogailua egiteko obrei ekin ahal zaie. Hamaika hilabete behar izango dituzte obrak amaitzeko.

Igogailu honekin, –4.492.331,68 euroko inbertsioa egingo du Udalak (BEZa barne)– Masustegi Estratako beheko aldea (37, 39 eta 41 atarien atzealdean dagoen aparkalekuaren eremutik) eta goiko aldea lotuko dira (111 eta 113 zenbakien ondoan).

Gaur egun, bi inguru horien arteko konexioa oinezkoa da batez ere, eta, hori dela eta, inguruko auzotarrek ezinbestean ibili behar izaten dute eskailerak eta arrapalak dituzten ibilbideetatik, eta horiek ez dira irisgarriak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.

Guztira, Masustegiko igogailu inklinatuak lerroan 90,48 metroko ibilbidea egingo du, eta 49,86 metro garaiko desnibela gaindituko du, 1,6 metro/segundoko abiadan.

Kabinan, bestalde, hogeita bost lagun hartu ahal izango ditu, eta bideo-zaintza izango du, egunean 24 orduan.

Lanen hasiera eta jarraipena

Apirilaren 19an, Masustegi auzoan igogailu inklinatu bat jartzeko obrak egiteko kontratua sinatu zen; kontratu hori Altuna y Uria enpresari esleitu zitzaion. Obrak hilabete geroago hasi ziren, maiatzaren erdialdean.

Lan horiek egiteko, eremuaren orografia kontuan hartuta, lehendik dauden lurrak hondeatu eta hormak egin behar dira igogailuaren hobi inklinatua eraikitzeko; eta, horrez gain, beheko igogailuratze-gunea berrurbanizatuko da, gaur egun malda handiko aparkaleku bat baitago (% 6ra gutxituko da malda hori).

Gainera, inguru osoan zoladura aldatu eta argiteria berrituko da, bai igogailuaren eremuan, bai aparkalekuaren eremuan; eta jarleku eta paperontzi berriak ere ipiniko dira igogailutik ateratzeko guneetan. Era berean, euri-uren kanalizazio eta drainatze berriak jarriko dira.