Datorren astelehenean, azaroaren 6an, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko ekitaldi aretoan egongo da Gervasio Sánchez kazetaria 'Vidas Minadas, 25 años' izeneko bere liburu berria aurkezten. Ekitaldian parte hartuko dute baita ere Kontxi Claver, Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak, eta Rafael Juárez Pareja, DKV Aseguruen Gipuzkoako eta Bizkaiko zuzendariak.

'Vidas Minadas, 25 Años' minen biktima guztiei eta azken urteetan nazioarteko kanpainak eginez haiek erabat debekatzeko borrokatu diren pertsonei egindako omenaldia da. Gervasio Sánchezek bere lanean egindako 114 argazki ditu liburuak. Gervasio Sánchezek gaitz horren biktimekin lan egin du 1995eko irailetik eta horixe da, hain zuzen ere, bere bizitza profesionalaren zatirik handiena hartu duena. Minek eragiten dituzten kalte itzelak bizitza osorako dira.

Proiektu honetako 11 biktimak ausaz hautatuak izan dira Afrikako herrialdeetan (Angolan eta Mozambiken), Asiako herrialdeetan (Kanbodia, Afganistan eta Irak), Latinoamerikako herrialdeetan (El Salvador, Nikaragua eta Kolonbia) edo Europako herrialdeetan (Bosnia-Herzegovina). Proiektu dokumental honen protagonistek sinbolizatzen dute mundu osoan pertsonen aurkako minen leherketen ehunka mila biktimen tragedia. Guztiek dute zer kontatua bizirik irautearen eta duintasunaren alde, eta gure betebeharra, ez baikara gai gatazkei amaiera emateko, haien bizipenak errespetatzea da. Liburu honek Euskal Fondoaren (Lankidetzarako Toki Erakundeen Euskal Elkartea) babesa du.

Gervasio Sánchez kazetaria da 1984tik. Lanak argitaratzen ditu Heraldo de Aragón, El País eta La Vanguardia egunkarietan eta lankidetzan aritzen da SER katearekin eta BBCrekin. Hainbat argazki-libururen egilea da, besteak beste, Mujeres Women/Afganistán, Activistas por la vida, Antología, Kosovo, Niños de la guerra, Sierra Leona. Guerra y paz, La caravana de la muerte. Las víctimas de Pinochet, Latidos del tiempo, Vidas minadas y Sarajevo 1992-2008. Hainbat sari jaso ditu: Cirilo Rodríguez, Nazioarteko Prentsa Kluba, Andaluzia Kultura, Kazetaritzako Giza Eskubideak, Liber Press, Javier Bueno eta Joan Alsina, Kataluniako Amerikako Etxekoak; Aragoiko erakundeek Portugalgo Santa Isabel Urrezko Domina eta Merezimendu Profesionalerako Domina eman zioten.

2008an Ortega y Gasset saria eskuratu zuen Sofía Elface Fumo alaba Aliarekin izeneko argazkiagatik, eta 2009an Argazkigintzako Sari Nazionala. 2011ko apirilean Julio Anguita Parrado Nazioarteko Saria jaso zuen, eta 2011ko maiatzean Elkartasun Sozialaren Ordena Zibileko Gurutze Handia eman zioten. UNESCOren bakearen aldeko ordezkari berezia da 1998tik.

  • Ekitaldirako sarrera doakoa eta librea izango da, aretoa bete arte.
  • Ezin bazara bertaratu, streaming bidez jarraitu ahal izango duzu aurkezpena, Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.