Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien E lkarteko gerente ohi Jon Aldeiturriagak irabazi egin du aurtengo Ibiltarien Saria, "lau hamarkada baino gehiagoan Bilboko merkataritza dinamizatzeko egindako lana" aitortuz. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eman zion saria ostiralean, Mugikortasunaren Aste Europarraren amaierako ekitaldian.

Aste horren azken eguna bat etorri da Bilbok egin ohi duen Bilbo, nire kotxe barik! jardunaldiarekin, eta, jardunaldi horretan, berriz ere, mugikortasun jasangarria aldarrikatu da, Bilbo atseginagoa, seguruagoa eta osasungarriagoa izan dadin.

Badira hogeita hiru urte "Bilbo, nire kotxe barik" egunean parte hartzen duela Bilbok. Irailaren 22an ospatzen da urtero, eta egun horretan eman dio Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak amaiera Mugikortasunaren Aste Europarrari, zeinaren xedea izaten baita urian mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloan apurka-apurka hobekuntza berriak sustatzea. Edizio honetan, halaber, era bateko eta besteko desafioei egin behar izan die aurre Sailak, eta ezagutzera eman du zer konpromiso berri gauzatu diren eta zer neurri iraunkor berri ezarri diren urian, jasangarritasunaren arloan, desafio horietan garaitiar ateratzeko.

Ibiltariaren Saria 2023

Nora Abete alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak honako hau nabarmendu du saria emateko ekitaldian: "Aurtengo Ibiltariaren saria Jon Aldeiturriagaren lana goraipatzeko da, elkarteak dituen 50 urteetan bera jardunean egon baita 43 urtez baino gehiagoz".

Jon Alde Zaharreko merkataritza dinamizatzeko ekimen askoren sustatzailea izan da, eta oinezkoentzako eremuen defendatzailea izan da beti, baita oraindik ere joera hori oso zalantzan jartzen zenean ere. Alde Zaharrean egin du lan Bere bizitzaren zati handi batean; bertan bizitzen jarraitzen du, eta kalerik kale ibiltzen da pasieran sarri, hori baita bilbotartasuna eta tokiko merkataritza ulertzeko daukan modua.

Ibiltariaren Sariaren irabazleen zerrenda

  • 2012: Virginia Berasategui, Bilboko triatloilaria.
  • 2013: Bilboko txikiteroak.
  • 2014: Bakuva, gizarte-laneko elkartea.
  • 2015: Gorabide gizarte-laneko elkartearen erabiltzaileak.
  • 2016: Ibon Areso, Bilboko alkate ohia.
  • 2017: urian mugikortasuna hobetzen laguntzen duten askotariko emakumeak (Bilbobuseko gidariak, udaltzainak, metroko gidariak, TAOko langileak…).
  • 2018: Fortunato Vencedor, laurogei urteak beteak dituen korrikalaria.
  • 2019: Txema Soria eta Jon Mujika. Ekitaldietako kazetariak.
  • 2020: Esmeralda Herlo. “Conoce Bilbao con Esme” Facebook-eko orriaren sortzailea.
  • 2021: Bidaideak Bilbao BSR. Saskibaloi inklusiboko taldea.
  • 2022: TeleBilbaoko kaleko erreportariak.
  • 2023: Jon Aldeiturriaga, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidente ohia.

Bilboko 2023ko Mugikortasunaren Aste Europarraren balorazioa

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak Mugikortasunaren Aste Europarrean egindako jardueren laburpena egin du, eta nabarmendu du Bilbok, mugikortasun jasangarriaren alde eginez, bere egin duela “energia-efizientzia” leloa, garraio jasangarriari eta mugikortasun aktiboari begirakoa.

Irailaren 16an eta 17an, uriak askotariko ekintzak antolatu ditu, esaterako: nord walking-eko ibilaldi bat, bizikleta-abileziako jokoak, bizikletei, patinei eta patineteei buruzko bide-hezkuntzako ikastaroak, senide eta lagunekin egiteko ginkanak, giza futbolinak eta saskibaloiko jarduerak. Era berean, kutsagarriak ez diren ibilgailu eta teknologien erakusketa handi bat egin da Kale Nagusian, eta bertan ikusgai egon ziren zenbait ibilgailu pertsonal, hidrogenozko autobus bat eta askotariko ibilgailu elektrikoak (autobusak, zamalanetarako eta banaketarako ibilgailuak, bizikletak eta motorrak). Bestalde, egunotan, herritarrek doan bidaiatu ahal izan dute “El Azulito” itsasontzian eta Ekokat eta Silennis itsasontzi elektrikoetan; bidaia horiek itsas mugikortasuna isilik eta lasai esperimentatzeko aukera bat izan dira.

Oro har, irailaren 16ko eta 17ko asteburuan, 25.000 pertsona inguruk parte hartu dute enpresen eta gizarte-eragileen eskutik sentsibilizazio kolektiborako antolatutako jarduera horietan guztietan.

Bilboko 2023ko Mugikortasunaren Aste Europarraren baitan, halaber, hirietan emisio gutxiko eremuak ezartzearen onurei buruzko mahai-inguru bat antolatu da, baita “Adineko pertsonak, aktibo eta seguru” eta “Auto elektrikoari buruzko mitoak eraisten” hitzaldiak ere. Era berean, Mugikortasunaren Aste Europar honetan, Metro Bilbaoren energia Bilbobusen autobusei pasatzeko Medusa proiektuaren berri eman da, eta Metrominuto Plana aurkeztu da ezagutzen den jarduerarik osasungarrienetako eta jasangarrienetako bat egitera animatzeko, ibiltzea alegia.

Bestalde, hirian hobeto aparkatzeko TAOren araudi berriak ere protagonismoa izan du, erregelamendu berria aurkeztu baita. TAO berri horri esker, demokratizatu egingo da Bizkaiko hiriburuan aparkatzea, eta mugikortasun jasangarri eta efizientea sustatuko da.

Bidegorri berria

Azkenik, eta mugikortasun jasangarriaren aldeko beste ekimen iraunkor baten gisa, Bilboko Maurice Raveleko bidegorri berria aurkeztu da, 1.500 metroko luzerakoa. Bidegorri hori bidegorrien arteko konexioak handitzeko eta inguruko trafikoaren zarata murrizteko diseinatu da.

Noranzko biko bidegorri berri bat da, Salbe zubia Guridi Musikariaren plaza lotuko dituena, eta bere helburu nagusia da inguruotan trafikoaren zarata murriztea.

Bidegorria ezartzeko, saileko adituek trafikoari buruzko azterlan espezifikoak egin dituzte –hain zuzen, trafikoari eragin gabe zirkulaziorako erreien kopurua murrizteko aukerak aztertu dituzte-, baita zaratari buruzko ikerketa espezifikoak ere. Hala, zenbait konponbide eta konfigurazio proposatu dituzte.

Soluzio horren bidez, eremua atseginago egitea eta bizikleta-sarearen barne-loturak hobetzea lortzen da, eta ibilgailuen zirkulazioak eragindako zarata murrizten da.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak pozik eman dio ongietorria bidegorri berriari, mugikortasun jasangarritasunaren aldeko beste bultzada bat baita. Maurice Raveleko bidegorria uriak dituen bidegorrien 60.953 metroei gehituko zaizkie. Horietatik, 5.844 metro oinezkoekin batera erabiltzeko bideak dira; 3.527 metro norabide bakarreko bidegorriak; 21.147 metro noranzko biko bidegorriak, eta 29.493 metro garraio publikoarekin batera erabiltzeko erraiak.