Bilboko Udal Musika bandak Azkuna Zentroan hasiko du denboraldi berri bat. Lehen emanaldia bihar, irailak 8an izango da Azkuna Zentroko Kulturen Atarian eta bi aste geroago agertoki berera itzuliko da talde bilbotarra. Aste Nagusian eskainitako ikuskizun arrakastatsuen ondoren, Bilboko Udal Musika Bandak bere jarduerari ekingo dio bihar.

Hitzordua 19:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da. Ikuskizun honekin, talde bilbotarrak 2024ko maiatza arte luzatuko den kontzertu denboraldi berriari emango dio hasiera. Oroitzapenak izenburupean, “José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titular eta artistikoak diseinatutako bederatzigarren denboraldia izango da, eta guztira, hogei kontzertu baino gehiago eskainiko ditu Bandak”, azaldu dute Udaletik. Kontzertu hauek Azkuna Zentroan, Euskalduna Jauregian, Bilboko J.C. de Arriaga Kontserbatorioan, Arriaga Antzokian, Campos Antzokian eta Joan Santuen Elizan, besteak beste egingo dira.

Biharko kontzertuan, Klasikoen oroitzapenak izenekoa, talde bilbotarra osatzen duten 40 musikari inguruk lan klasiko sorta zoragarria interpretatuko dute, hala nola Eric Ballen Resurgam, Philip Wilbyren Paganini Variations, Philip Sparken Symphonic Metamorphosis on themes from Saint-Saëns eta Josep Vicent Egearen Poema Sanjuanero.

Gure memoriaren musikak sorkuntza berriak ekartzen ditu gogora; hala nola, espirala, iraganetik edaten duena, aurrera egiten jarraitzeko”, azpimarratzen du Pascual-Vilaplana Bandaren zuzendari titularrak biharko programatutako kontzertuaren eskuko programan.

Lehen emanaldi honen ostean, bi aste geroago agertoki berera itzuliko da talde bilbotarra, irailaren 22an, Aufbruch kontzertuarekin. Oraingo honetan, Tobias Haussig zuzendari gonbidatuak zuzenduko du Banda, Bilbao Musikak 2023an antolatutako Orkestra Zuzendaritzako VII. Topaketetan kokatutako Nazioarteko Zuzendaritza Sariaren irabazleak hain zuzen ere. Bertan, Richard Wagner, Hubert Hoche, Dirk Mattes, Arnold Schönberg, Johann Sebastian Bach, Johannes Stert eta Rolf Rudin bezalako autoreen lanak entzun ahal izango dira.