“Bilbo geroz eta euskaldunagoa izatea” helburuarekin. Euskaltegietan euskara ikasteko deia egin du Bilboko Udalak. Euskarari Baietz leloarekin, Udalak animatu egiten ditu euskaraz ez dakitenak, edo ikasten edo hobetzen jarraitu nahi dutenak, euskararen alde egin dezaten eta izena eman dezaten Bilboko 17 euskaltegietakoren batean matrikula egiteko.

Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak eta Bilboko zenbait euskaltegitako ordezkariek goizean aurkeztu dute kanpaina, irailean zehar luzatuko dena: markesinetan, Bilbobusen autobusetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan, komunikabideetan, barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan izango dira agerian kartelak, kanpainarako baliatu den sormenaren erakusgarri.

Era bateko eta besteko pertsonen irudi bat agerian -adinekoak, gazteak, gizonak eta emakumeak, hainbat jatorritakoak...-, eta baikortasun keinu argi bat eginez, “kanpainarako baliatu den sormen horrek hauxe nabarmendu nahi du:zeinen axola handikoa eta positiboa den euskara ikasi eta erabiltzea, eta zenbat erraztasun eskaintzen diren euskara ikasteko”.

Horrela, kanpaina honek hauxe nabarmendu nahi du: “Zer zabala den euskara ikasteko zentroen eskaintza , zer zabalak diren ordutegiak eta zer ugariak eskaintzen diren mailak”. Gainera, hainbat dirulaguntza eskaintzen direla ere nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, gurasoek, denbora libreko begiraleek, nahiz diru-sarrera txikienak dauzkaten pertsonek laguntza eskuratzeko aukera daukate.

Alde horretatik, Udalak gogorarazi du nola handitu den euskara ikasteko dirulaguntzen aurrekontua: 2023an, 700.000 euro izango dira, 2022an baino % 218 gehiago.

Bilbok 17 euskaltegiko sare bat dauka. Ikasturte honetarako, ohiko klaseak eta era guztietako mailak ez ezik, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak ere eskaintzen dira. 2022-2023 ikasturtean, Bilbon erroldatuta dauden ia 4.600 lagunek eman zuten izena Bilboko euskaltegietan matrikulatzeko.