Síguenos en redes sociales:

Musika klasikoko zortzi kontzertu eskainiko dira Aste Nagusian

Musika klasikoko zortzi kontzertu eskainiko dira Aste NagusianB. U.

Gero eta gutxiago falta da Aste Nagusirako, eta pixkanaka-pixkanaka egitaraua osatzen doa Bilboko Udala. Oraingo honetan, ohiko musika klasikoko kontzertuen zikloa aurkeztu egin du Udalak, zortzi emanaldik osatuko dutena.

Jarduera klasikoa da jadanik Bilboko Aste Nagusian, eta hainbat jatorritako bakarlariak, abesbatzak eta orkestrak hurbilduko ditu arratsaldero, abuztuaren 19tik (larunbata) 26ra (larunbata). Emanaldiak Gizakundearen Elizan izango dira 20:30etik aurrera.

Lehenengo akordeak Olatz Saitua sopranoaren eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoaren ahotik etorriko dira, Iñaki Salvador konpositorea pianoan dela. Jatorri euskalduneko hirukoteak euskarazko 14 abestiz osatutako “Bihotz bat” ikuskizuna eskainiko die bertaratzen direnei.

Bilboko Aste Nagusiaren edizio berri honetan, herritarrek Alos Quartet taldearen musikaz gozatu ahal izango dituzte belarriak abuztuaren 20an, igandean. Baina baita ikusmena ere, euskal harizko laukoteak Olaia Valle dantzariarekin partekatuko baitu eszenatokia.

Ana Beatriz Ferreira eta María Ángel García pianistek ere euren arrastoa utziko dute. Bi pianistak Ingalaterratik etorriko dira abuztuaren 22an, asteartean, Bizkaiko hiriburua bisitatzera. Eta hurrengo egunean, musika tresna ugari jotzen dituen Fernando Barroso musikari, konpositore eta ekoizle galiziarrak “Polkita Frita” aurkeztuko du. Bere alderdi musikalak espektro zabala biltzen du, galiziar eta portugaldar musikaren ukituekin, baina eragin desberdinekin, jazza, brasildar musika edo pertsiar musika, besteak beste.

Asteazkenean, abuztuaren 23an, Egeria osatzen duten lau emakume musikariek hartuko dute Gizakundearen Eliza. Erdi Aroko musikaren interpretazioan espezializatutako Iparraldeko ahots talde horrek ia ahaztuta dagoen errepertorioa ekarriko die entzuleei.

Euskaditik ere emakumezkoen Dalias boskotea iritsiko da abuztuaren 24an Bizkaiko hiriburura. Bere ibilbidea duela hiru urte hasi bazen ere, taldea osatzen duten bost emakumeek aukera ugari eskaintzen dituzte, antzeko musika tresnetan dituzten ezagutzei esker, hala nola, flautina, flauta solean, requintoa edo kontrafagota.

Ostiralean, abuztuaren 25ean, Musbika konpainia igoko da eszenatokira, hori ere bertakoa. Izan daitezkeen hesiak eta etiketak apurtu eta musika klasikoa eta antzinakoa pertsona guztiei helarazteko asmoz, Musbikak eszenaratze fresko eta dinamikoa proposatzen du, edozein pertsonak harritzeko eta gozatzeko aukera izan dezan.

Larunbatean, abuztuaren 26an, amaituko da musika klasikoaren zikloa, Sine Tempore Esemble zortzikotearen eskutik. Alacantetik eta Murtziatik datorren taldeak hari-orkestrarako errepertorioaren alderdi guztiak landuko ditu bere kontzertuan.

Musika klasikoko programazioa

Lekua: Gizakunde eliza

Ordua: 20:30ean

  • Larunbata 19: Olatz Saitua, Ainhoa Zubillaga eta Iñaki Salvador
  • Igandea 20: Alos Quartet eta Olaia Valle
  • Astelehena 21: Ana Beatriz Ferreira eta María Ángel García
  • Asteartea 22: Fernando Barroso Boskotea
  • Asteazkena 23: Egeria
  • Osteguna 24: Dalias Boskotea
  • Ostirala 25: Musbika
  • Larunbata 26: Sine Tempore Esemble

100 jarduera baino gehiago

Bilboko Udalak lanean jarraitzen du ikus-entzule eta adin guztientzako doako 100 musika-jarduera baino gehiagoko programa eskaintzeko, hiriko hainbat tokitan banatuta dauden 8 eszenatokietan: Abandoibarra, Europa Parkea, Plaza Berria, Gizakunde Eliza, Bilborock Aretoa, Plaza Biribila, Areatzako Kioskoa eta Casilda Iturrizar Parkeko pergola.