Síguenos en redes sociales:

Bilbok ezagutzera eman ditu Aste Nagusiko kontzertuak

Bilbok ezagutzera eman ditu Aste Nagusiko kontzertuakB. U.

Lori Meyers, Gatibu, Vanesa Martín, Lola Índigo eta Zetak dira Bilboko Udalak 2023ko Aste Nagusirako baieztatu dituen lehenengo kontzertuak. Ohi bezala, Abandoibarrako eta Europa Parkeko eszenatokietan izango dira emanaldiak.

Lori Meyers Estatuko indie rock taldeak igoko du oihala astelehenean, abuztuaren 21ean, 23:30etatik aurrera Abandoibarran. Granadako taldeak “Espacio infinitos” bere azken lana aurkeztuko du kontzertuan.

Asteartean, abuztuaren 22an, ordu eta leku berean, rock euskaldunaren klasiko baten txanda izango da: Gatibu. “EH Distopikala” azken diskoak, taldeak album honetan sartu gura izan dituen erritmo latino eta tropikal hain bereizgarriekin dardara egitera hurbildu eta gonbidatuko ditu bertaratutako guztiak.

Asteazkeneko, abuztuaren 23ko, gauean, Abandoibarrako agertokian proiekzio handiko abeslari eta konpositore bat izango da: Vanesa Martín. Bere popak, energiak eta oholtza gainean duen talentuak aho zabalik utziko ditu ikus-entzuleak, izan ere estudioan egin dituen zortzi diskoetatik lau salduenen zerrendako lehenengoen artean sartu dira. Oraingoan, Malagako artistak “Placeres y pecado” bere azken albuma hurbilduko du Bilboko Aste Nagusira.

Egun horretan bertan, baina Europa Parkean, 00:00etatik aurrera, Lola Indigo abeslari eta dantzariak emango dio hasiera kontzertu-zikloari. 2018ko abenduan “Ya no quiero ná” bere lehen singlearekin platinozko disko bikoitzaren ziurtagiria lortu zuen artista asteazken gauean igoko da Bilboko eszenatokira, bere erritmo informal eta ausartekin dantzarazteko.

Ostegunean, hilak 24, Europa Parkean, Zetak bandaren, Pello Reparaz nafarraren musika elektronikoko eta diziplina anitzeko euskarazko arte proiektuaren, txanda izango da, EITB taldeko Gaztea irratiaren eskutik.

Kontzertuen agenda

Abandoibarra

  • Astelehena 21, 23:30ean: Lori Meyers
  • Asteartea 22, 23:30ean: Gatibu
  • Asteazkena 23, 23:30ean: Vanesa Martín

Europa Parkea

  • Asteazkena 23, 00:00etan: Lola Indigo
  • Osteguna 24, 00:00etan: Zetak +Gaztea