Datorren ostiralean, ekainaren 23an, Areatzako Kioskoak Bilboko Musika eta Txistulari Banden udaberriko denboraldiko azkenengo kontzertuak jasoko ditu. Bertan José Rafael Pascual-Vilaplanak zuzentzen duen talde bilbotarra osatzen duten 40 musikari inguruk euren udaberriko kontzertu-zikloari amaiera emango diote hainbat konpositorren eta obren urteurrenak ospatzeko kontzertu berezi batekin.
Alde batetik, "Musika eta eszena, urteurrenak gogoratuz" izenburupean, Bilboko taldeak Tomás Bretón eta Gerónimo Giménezi omenaldia egingo die euren heriotzaren mendeurrenean. Guztira, bi konpositoreen bost obra interpretatuko dituzte Areatzara hurbiltzen den publikoaren gozamenerako.
Halaber, Bilboko Musika Bandak estreinaldiaren mendeurrena betetzen duten beste bi lan ere interpretatuko ditu: Pablo Lunaren “Benamor“ eta Amadeo Vivesen “Doña Francisquita“. Horrez gain, Jacques Offenbachen (165. urteurrena) “Orphée aux enfers“ edo Georges Bizeten (185. urteurrena) “Farandole de l 'Arlésienne“ eta “Carmen“ izeneko obrez gozatu ahal izango dute.
Bilboko Udal Musika Bandaren azken hitzordua, denboralditik kanpo, ekainaren 25ean izango da, 12:00etan, Abusu auzoan. Kasu honetan, Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordeak gidatuko du kontzertua.
Bestalde, Bilboko Udal Txistulari Bandak amaiera ezin hobea emango dio bihar “Bilboko Udal Txistu Banda Auzoetan 2023“ izeneko programari, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Areatzako Kioskoan eskainiko duen erromeria handi batekin. Kontzertua Gorka Zabaletak zuzenduko du eta Álvaro García gitarrista izango dute lagun, baita Sabin Bikandi ere dantza-maisu lanetan. Bikandi kioskoaren aurreko plazan izango da, dantza egiteko gogoa duten pertsona guztiak animatzen.