Síguenos en redes sociales:

On Diego Lopez Harokoren omenezko lore-eskaintza egin du Udalak

Urtero bezala, Bilboko Udalak ez du huts egin dagoeneko ohikoa den On Diego Lopez Harokori egindako omenaldian. Bada, atzo eratu zen Bilboko Udaleko Korporazio berriak ohiko desfilea egin du gaur Plaza Biribileraino, Bilboko Hiria sortu zuen On Diego Lopez Harokoren omenezko estatuaren aurrean ospatutako lore-eskaintza herritarrean parte hartzeko.

Ospakizuna 10:45 aldera hasi da Udaletxean, hortik abiatu baita Udal Korporazio berria, hainbat dantzarik eta txistularik lagunduta, Bilboko Bandera Mariano Benlliure eskultoreak On Diegoren omenez egindako estatua kokatuta dagoen Plaza Biribilaren erdialderaino eramateko.

Urtero bezala, herritarrek erantzun egin diote Bilboko Udalak luzatutako gonbidapenari eta udal segizioarekin bat egin dute, Bilboren sortzailearen estatuaren aurrean loreak utziz.

Bilboko Udal Txistulari Bandaren musikaz dantzatutako ohorezko aurreskuaren eta ezpatadantzaren ondoren, lore-eskaintza herritarra egin da Bilboko Alkatearen eta Udal Korporazio berriko zinegotzien parte-hartzeaz, Bilboko bizilagunak, Hiriko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta politikoarekin lotutako pertsonak, Kontsul Taldea, Bilboko Ospetsuak, merkataritza eta ostalaritzaren ordezkariak, eta Bilboko Hiri Kontseiluko nahiz Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideak tarteko zirela, besteak beste.

On Diegoren Lopez Haroren omenezko lore-eskaintza herritarrari amaiera emateko, jota herrikoia dantzatu da bertan bildutako adin guztietako hainbat pertsonaren parte-hartzeaz.