Asteazken honetan, maiatzak 31, Tabakorik gabeko Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan, eta Bilboko Udalak data berezi hau aprobetxatu nahi izan du Bilboko Udalak horren gainean herritarrak sentsibilizatzeko erabiliko den esperientzia pilotu bat aurkezteko. Hala, Yolanda Díez alkateordi eta Osasun eta Kontsumo saileko zinegotzia izan da kanpaina aurkezteko arduraduna.
Ekitaldia erakundeen arteko Kerik Gabeko Guneen Sarea lankidetza-proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «Tabako-kerik gabeko Euskadi» estrategian sartuta dago, eta Bilboko Udala 2022ko maiatzean atxiki zen. Ekimen horren helburua da Adikzioen Tokiko VI. Planeko (2023-26) helburuetako bati erantzutea, adikzioen prebentzio komunitariorako proiektu integralak garatzeko, osasuna sustatzeko programetan txertatuta eta Bilboko auzoen errealitatera egokituta.
2023ko hasieratik, sentsibilizazio-, informazio- eta prestakuntza-jarduerak egin dira auzoko hainbat biztanle-talderekin: lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeekin, familiekin, osasun-zentroekin, saltokiekin, erretiratuen klubekin, eta abarrekin. Aldi berean, azken hilabetean, Zorrotzako biztanleek bozketa bat egin dute, aukeratzeko zein gune nahi duten Kerik Gabeko Gune moduan.
Gaur, Zorrotzako Osasun Zentroarekin batera, ezarritako jardueren eta bozketen ondoren hautatutako Kerik Gabeko Guneen berri eman da.
Kerik Gabeko Guneak programaren helburua kerik gabeko giroak sortzea da, tabakoa kontsumitzen hasteko adina prebenitzeko eta atzeratzeko, bai eta kontsumo pasiboa saihesteko ere, batez ere adingabeen kasuan. Kerik gabeko guneak zabaldu eta osasuna eta ingurumena hobetzearekin batera, lortu nahi da tabakoaren kontsumoa ez dadila normalizatuta egon.
Yolanda Díez Osasun Saileko zinegotziak adierazi duenez, “esperientzia pilotu honen helburu zehatzak hauek dira: erretzaile ez diren pertsonak, bereziki adingabeak eta pertsona ahulak, gehiago babestea; komunitatea osatzen duten pertsonak osasunaren arloan heztea; auzokideak ingurune osasungarriagoak sortzen parte hartzea; eta osasunarekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten auzoko erakunde eta kolektiboekin sarean lan egitea sustatzea”.
Bilboko 2023ko Kerik Gabeko Guneak programa garatzeko, Zorrotza auzoa aukeratu da esperientzia pilotu hori egiteko, sare sozial sendoa duelako eta tabako-kontsumoaren indize handienetakoa duelako Bilboko auzoen artean.
Kerik Gabeko Zorrotza 2023 udal-programa kudeatu eta dinamizatzeko, Bilboko Udaleko Osasun Sailarekin koordinatuta, Bizkaiko Minbiziaren aurkako Elkarteak –gai horretan aditua baita- eta Gure Lurra auzoko lan komunitarioko erakundeak –maila horretan esku-hartzeak egiteaz arduratzen baita- parte hartu dute.