Síguenos en redes sociales:

Landareak izango dira protagonista Bidebarrietan apirilaren 26an

Landareak izango dira protagonista Bidebarrietan apirilaren 26anBilboko Udala

Bi aste barru, apirilaren 26an konkretuki, 'Landareekiko itsutasuna: gehienoi eragiten digun fenomenoa' izeneko hitzaldia jasoko du Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko areto nagusiak. Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan antolatutako ekitaldia arratsaldeko 19.00etan hasiko da, eta bertan izango da Ainara Achurra biologian doktore Vitoria – Gaasteizeko Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea.

Landareek gure inguruan eta eguneroko bizitzan berebiziko garrantzia daukaten arren, horien inguruan daukagun ezagutza urria da. Sarritan ez dugu erreparatzen inguruan landarerik dugun edo, asko jota, deigarriak gertatu ez eta atzealdean geratzen diren elementuak dira. Zer dela eta gertatzen zaigu hori landareekin eta ez animaliekin? Landareez osatutako paisaia ia monokromatikoak zerikusirik dauka?

Fenomeno horri “landareekiko itsutasun” deitu zioten James H. Wandersee eta Elisabeth Schussler botanikariek 1999. urtean eta, ordutik, hainbat ikerketa egin dira fenomeno hori ulertzeko. Landareekiko itsutasunaren arrazoien artean faktore biologiko eta soziokulturalak aipatu dira. Alde batetik, gizakien ikusmen sistema deseroso sentitzen da begirada puntu zehatz batean ezin duenean finkatu; bestetik, uste da gizakiaren garuna eta ikusmena animaliak landareak baino azkarrago detektatu ahal izateko garatu zirela.

Horrek guztiak ondorioak izan ditu eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadik egindako ikerketak agerian uzten duen bezala, gaur egun gazteek 10 animalia izendatzeko arazorik ez duten bitartean, %7a baino ez da gai hamar landare izendatzeko.

Ainara Achurra Biologian doktorea da eta zoologiaren arloan doktore-ondorengoko ikerketan aritu zen Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean (CNRS). Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakaslea da Gasteizen. Horretaz gain, Komatzi taldeko kidea da eta landareekiko itsutasunaren inguruan ikertzen du.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kulturari eskainitako gunea da. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientzia garatu eta sustatzea dago.

  • Hitzordu honetarako sarrera doakoa da eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
  • Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.