Campo Volantin pasealekuak jolasgune berri bat du, izan ere, Bilboko Udalak umeen eremua berritzeko obrak amaitu berri ditu. Eremu berri hau euskal kulturarekin eta mitologiarekin zerikusia duten gaiez hornitu da.

Jolasgunea duela egun gutxi zabaldu dute eta astearte honetan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia eta udal korporazioko beste kide batzuk espazio berri horretara joan dira bisitan.

Campo Volantinen egindako lanak lau hilabetetan gauzatu dira, eta 576.292,44 euroko aurrekontua izan dute.

Gure sinboloak, ondarea, mitoak eta elezaharrak protagonista dira neskato-mutikoentzako eremu berri horretan; esan behar da eremuaren diseinuan honako alderdi hauek lehenetsi dira:

  •    Jolas elementu integratzaileak eta osagarriak.
  •    Batasun estetiko bat, hartara nortasun zehatz bat izan dezan eta uriari balioa erantsiko dion espazio publiko bat bihur dadin.
  •    Euskal mitologia ager dezala eta hartan parte harraraz diezaiela umeei eta helduei.

Beraz, jolas inklusiboko eta koherentzia estetikoko elementuen bidez -zur naturala eta altzairua erabiliz-, ibilbide magiko bat osatuko da, basoaren ideia, arkitektura tradizionala eta izaki mitologikoak gogoraraziz etengabe. Horrela, han aurkituko ditugu hainbat elementu eta jolas-gune, hala nola Lamiaren hondartza, Tarttalo zabua, Sorginaren etxetxoa, Basajaunen artaldea, Mariren leizea, Eguzkilore labirintoa eta Marigorringo tranpolina.

Proposamen arrazoitu irudimentsu bat da, euskarazko eta gaztelaniazko erreferentzia eta azalpenekin, umeei erronkak eta asmakariak proposatzen dizkiena, gure kultura eta tradiziora hurbildu eta haren inguruko jakin-mina sorrarazteko.

Espazio horretan, jolaserako eremuak izango dira, fisikoak, zentzumenezkoak eta sozialak, 1 eta 12 urte arteko adinetarako, eta, hala, guztiek aurkituko dute elementuren bat edo beste ondo pasatzeko.

Campo Volantineko obran, halaber, zimentatze-lauza sendotu bat ipini da, umeendako zoladuratik gertu dauden zuhaitzen sustraiek kalterik egin ez dezaten.