Bilboko Udalak Bilbao Berraktibatzen programaren bigarren edizioa jarri du martxan. Helburua, lana aurkitzeko prozesua optimizatzeko eta banakako laguntzaren zein taldeko formakuntzen bidez Bilbon bizi diren eta aktiboki lan bila dauden langabeei birkokatzen laguntzeko. Programa Bilbao Ekintza Udal Elkartearen bidez garatu da eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du, eta dagoeneko irekita du izena emateko epea.
Programak banakako saioak zein taldeko formakuntzak izango ditu, lau bloketan banatuta: birbideratzea, banakako bloke bakarra izango dena, bertan, diagnosi bat egingo da eta ibilbidea prestatuko da, banakako ekintza-planak egingo dira eta CVa berridazteko aholku teknikoa eskainiko da; lan aktibazioa, kontratazio-formulak, lan-erreforma, enplegu publikoa eta ekintzailetza bezalako gaiak lantzeko; birkokatzea eta gaitasun digitalak. Azken bloke horri arreta berezia emango zaio, eta programaren ordu guztien erdia baino gehiago eskainiko zaio; izan ere, lan- eta gizarte-joera berriei egokitzeko prozesuetan ezinbesteko gaitasunak direla uste da.
Taldeko formakuntza-saio horietan talentua identifikatzeko eta soft skills edo zeharkako gaitasun direlako horiek ebaluatzeko ariketak egingo dira; izan ere, gaur egun enpresek garrantzi handia ematen diete horiei (lidergoa, taldeko lana, motibazioa, negoziatzeko gaitasuna eta abar). Horrez gain, diseinu- eta berrikuntza-arloetako tresna digitalak, hodeian informazioa gordetzeko plataformak eta komunikazio- zein hautaketa-joera berriak ezagutzeko ariketak ere egingo dira, baita marka pertsonala zehazten laguntzekoak ere.