Udaren amaierarekin batera, Bilboko Udaltzaingoak martxan jartzen hasiko ditu uriko errepideetan segurtasuna bermatuko dituzten kanpainak. Hala nola gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera zaintzeko kanpaina edota abiadura zaintzeko kanpainak, besteak beste, abiaraziko dituzte udazken honetatik aurrera.

Bihar, astelehena, urriak 10, hasi eta hilaren 16ra (domeka) bitartean Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina egingo du. Kanpaina hori Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan dago.

Kanpaina honetan arreta jarriko zaie hiru alderdi hauei: IAT egunean edukitzea; pneumatikoen egoera eta higadura-maila –batez ere itsaspenari dagokionez, hori funtsezkoa izan baitaiteke lurzoru busti batean istripurik gerta ez dadin– eta, azkenik, argiak.

Ekimen honen helburua da gidariak kontzientziatzea gidatzean duten erantzukizunaz, istripu-tasa saihesteko eta gure errepideetan bide-segurtasuna bermatzeko.

Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasunaren Dibisioan jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aldez aurretik ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

2021ean egindako kanpainetako datuak

2021ean Ibilgailuen Azterketa Teknikoari buruzko kontrol-kanpainetan Bilboko Udaltzaingoak 1.373 ibilgailu ikuskatu zituen. Horietatik 123 salatu zituen, IAT epe barruan ez egiteagatik, 5 asegurua indarrean ez izategatik eta 14 beste arau-hauste batzuengatik.