Bilboko Udalak parte hartuko du hiru urtean behin egiten den Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak (CGLU) nazioarteko sarearen 7. mundu-gailurrean. Aurtengoa Hego Korean, Daejeonen konkretuki, ospatuko da, 'Tokiko eta eskualdeko gobernuak, elkar hartuta aurrera' izeneko leloaren azpian antolatutako ekitaldian.
Hilaren 12an hasiko da kongresua, eta, hiru egunetan zehar, mundu mailako erronketako batzuk jorratuko dituzte. Besteak beste, giza eskubideak eta eraldatze ekologiko eta digitala landuko dituzte, Garapen Jasangarrirako Helburuak politika edo ekintza ororen zeharkako ardatz gisa hartuta.
Kongresuan parte hartuko duten hirien artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Bordele eta Lyon (Frantzia), Geneva (Suitza), São Paulo (Brasil), Utrecht eta Haga (Herbehereak), Montevideo (Uruguay), Bogota (Kolonbia), Caracas (Venezuela), Erroma (Italia), Xi’an (Txina), Konya eta Keçiören (Turkia) eta Klang (Malaysia).
Oihane Agirregoitia Herritarrentzako Arreta eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak lau saiotan parte hartuko du. Zehazkiago, Bilbo hiri adimentsua izateko garatutako estrategiak eta egindako aurrerapenak aztertuko ditu; digitalizazioa jorratuko du, giza eskubideen ikuspuntutik —eskubide digitalak errealitate bihurtzeko beharrezko jardunbideez arituko da—; teknologiaren zabalkundea Agenda 2030ekin bat etorrita egiten duten hirien garrantziaz egingo duten hausnarketan parte hartuko du, eta, azkenik, Gobernu Ona sustatzea ahalbidetzen duten mekanismoei buruzko saio batean ere egongo da.
Agirregoitia zinegotziarekin batera, nazioarteko erakunde entzutetsuen lider eta ordezkariak egongo dira: UN-Habitat-NY, World Economic Forum («G20 Global Smart Cities Alliance»ren Idazkaritzaren arduraduna), WeGo (CGLUren kide gailena), Metrópolis (CGLUren atal metropolitarra), Smart City Division of Daejeon Metropolitan City, Coalición de Ciudades por los Derechos Digitales (zeina egoitza Amsterdamen baitauka), Alianza para Gobierno Abierto (OGP), G3ict edo GSEF, beste batzuen artean.
Bilbo Balioen Hiria
Garapen Jasangarrirako Helburuak izango dira zeharkako ardatza, CGLUren mundu mailako gailurraren saio guztietan. Ildo horretatik, kongresuak gune bat eskainiko die Garapen Jasangarrirako Helburuei, eta, bertan, horiek garatzeko egindako ekarpenagatik nabarmentzen diren sai kasu praktiko egongo dira. Bilbo Balioen Hiria izango da aukeratutako proiektuetako bat: baloreak gizartea eta bizikidetza ona garatzeko eragile gisa sustatzeagatik, eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiteagatik hautatu dute.
Zentzu horretan, CGLUk azpimarratu egin du Bilboren papera, duela gutxi Nazio Batuen Tokiko Koalizioa 2030en Idazkaritzarako egoitza gisa hautatua izan eta gero. Nabarmendu dutenez, uria «funtsezkoa izango da zenbait eragileren arteko lankidetza sustatzeko, tokiko ekintzak eta ekintza globalak sinkronizatzeko eta CGLUren eta gako diren beste eragile batzuen arteko sinergiak sortzeko».
Gizadiaren Etorkizunerako Ituna
CGLUk espero du kongresua ixtea Gizadiaren Etorkizunerako Itunarekin, zeina hiru printzipiotan oinarritzen baita —gizakiak, planeta eta gobernuak— eta Antolakuntzaren 2022-2028 bitarteko lehentasun estrategikoak ezarriko baititu.
Kongresuan, bestalde, CGLUren gobernu-organoen ordezkariak hautatuko dituzte, datozen hiru urteetarako. Haga, Daejeon, Konya eta Montevideo dira lehendakaritzarako eta lehendakariordetzarako hautagaiak. Bureau exekutiboaren hiri kideak ere izendatuko dituzte.