Datorren astelehenean, irailak 26, itxi egingo da Open House Bilbao jaialdian parte hartzeko izena emateko epea. Jaialdia urriaren 1ean eta 2an ospatu egingo da, 'Zentzumenen hiria' lelopean.

Seigarren aldia

Open House Bilbao Jaialdiaren seigarren edizioak gogoeta egingo du, uriari buruz denok ditugun pertzepzio indibidual eta subjektiboen inguruan. Pertzepzio horiek bakarrak eta desberdinak dira pertsona bakoitzaren egoeraren eta gaitasunen arabera, baina, era berean, argi dago badirela iruditeria kolektiboan irauten duten eta nolabaiteko adostasuna sortzen duten ezaugarri batzuk: kale bihurgunetsu eta argiztatuek segurtasunik ezaren sentsazioa eragingo digu beti; itsasadarraren ertzean dagoen pasealeku batek, berriz, landaretzaz eta argi naturalez bustita, pozez beteko gaitu.

Izan ere, gure bost zentzumenen bidez, uria ikusi, ukitu, entzun, usaindu edo, are, dastatu ere egin dezakegu. Gainera, zentzumen horietako bakoitza gai da ustez ahaztutako une, oroitzapen edo bizipen bat gogora ekartzeko. Hori dela-eta, aurten, 2022an, Open House Bilbaok arreta jarriko du pertsonengan eta pertsonek uria eta eraikitako ingurunea hautemateko moduan eta haiekin harremana izateko moduan.

Open House Bilbao jaialdiak hirurogei leku baino gehiagotako ateak irekiko ditu hirian, eta are hamazazpi jarduera ere programatuko ditu, era guztietako publikoendako, espazio publikoan garatzeko.

Open espazioak

Jaialdiaren helburua da ahalik eta jende gehienarengana iristea, eta albait askotarikoena izatea jende hori, dela arkitekturan espezializatu gabeko publikoa, dela sektoreko profesionalek osatutako publikoa. Horretarako, kultura-programa zabala diseinatu da. Programa horren barruan, jarduera nagusia eraikin adierazgarriak bisitatzea da, haien arkitektura, historia eta kultura ezagutzeko.

Gune horietara egingo diren ikustaldiak ehunka boluntarioren inplikazioari, konpromisoari eta gogo biziari esker egingo dira: boluntario horiek sarrerak eta bisita kontrolatzen dituzte. Bisita 20 minutu inguruko ibilbide gidatua da, 10-25 pertsonako taldeetan, bisitatu beharreko espazioaren ezaugarrien arabera.

Jaialdia hasierako formatura itzuliko da, non ez baita beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, nahikoa baita eraikinera hurbiltzea hura irekitzekoa den ordutegian eta txanda itxarotea.

Ikustaldiak doan eskaintzen dira, eta xedea dute arkitekturaren zeregina zabaltzea, ikuspegi estilistiko, tipologiko eta historiko batetik ez ezik, ikuspegi sozial batetik ere bai, eraikinen barruan bizitako historiak azalduz, haiek baitira, azken batean, uriaren funtsa. Eta, era honetan, herritarra turista bere urian jai giroko asteburu batean turista sentitu dadila sustatzea.

Jarduerak

Open House Bilbao 2022 programa hainbat jarduerarekin osatuko da, zeintzuek edizio honen berariazko gaiari eragingo baitiote; jarduera horietarako, ordea, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Izena ekitaldiaren webgune ofizialean eman behar da (ezingo da beste era batean), lekuak bete arte.

Open ibilbideak: uria pentsatzeko moduak

Ibarrekolandan diren espazio publikoetan zehar ibiliko gara, haien tipologiak ezagutuz, eta gogoeta egingo dugu espazio horiek diseinatzeko orduan erabilitako kontzeptu batzuei eta besteei buruz. Hiri-egituran integratutako kale eta plazetatik abiatuta, bazter eta gune estrategikoak ezagutuko ditugu, tokiko eta hiriko ekipamenduen ondoan.

Open Itsasadarra: itsasadarraren mugetan zehar nabigatzen

Nabigazio esperientzia honen bidez, ibai ertzari beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio, itsasadarrean zehar ibiliz, ur ertzeko espazio irekien antolatzaile handi horretan zehar; izan ere, leku horiek gure uriaren garapenaren gakoetako asko erakusten dizkigute.

Familientzako tailerrak: GJHak ezagutuz

Sormen pilulak familiendako, hiri jasangarriagoak irudikatzeko dinamikak, jolasak eta ipuinak dakartzatenak. Umeak hurbildu eta GJHei buruzko oharmena eragingo dute (Garapen Jasangarriko Helburuak), gogoan erabiliz zer desafio eta aukera dakartzan mundu zuzenago, berdintasunezkoago eta jasangarriago bat eraiki beharrak.

360ºko esperientziak: Uria zinemaren bidez

360ºko arkitektura esperientzietan, Bilbon egindako zinema proiekzioekin zerikusia duten leku horietako batzuk ikertuko ditugu, zeintzuk, zalantzarik gabe, "zentzumenen hiriaren" parte izan baitira. Jakingo dugu zelakoak izan ziren lehenengo proiekzioak, zelan finkatu zen zinema aisialdi-aukera kalitatezko baten moduan, eta zelan egin zuen beherantz atzenean.

Open Bizikleta: Hirigintza pedalei eraginez

Bizikleta-ibilbidea itsasadarraren ertzetik, Zazpi Kaleetan hasi eta Euskalduna zubiraino. Lau geralditan, eremu publiko honen inguruko gai nagusiak jorratuko dira, jende askorentzat uriko arnasgune eta aisiarako gune bihurtu den eremua aztertzeko.

Egile-bisitak

Arkitekto egile batzuk izango ditugu parte hartzen, eta bertatik bertara eta bisita esklusiboetan azalduko dizkigute beren lanak, bai eta proiektuak diseinatzeko prozesua eta irizpideak ere.

Bisita bereziak

Eraikin batzuk formatu berezian bisitatuko dira, eraikinaren beraren berezitasunagatik edota azalpenak ematen dituzten pertsonen ezagutza-mailagatik.

Jarduera osagarri horietarako izena eman nahi dutenek, astelehenetik aurrera (irailak 26) izango dute aukera, webgunearen bitartez.

Boluntariotza

Eraikinak dohainik ikusteko, boluntarioen laguntza izango da, eta haien ardura izango da bai eraikinetarako sarrera kontrolatzea, bai ikustaldia bera gidatzea ere. Herritarren parte-hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira jaialdia egin ahal izateko.

Boluntarioei esker gauzatzen da Open House, boluntarioek euren denbora eskaintzen dutelako trukean ezer eskatu gabe eta kulturaren zabalkundean eta ekimenaren izaera parte-hartzailea sustatzen inplikatzen direlako. Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu boluntario moduan, orduan eta handiagoa jaialdia, OPEN gune gehiago izan ahal baitira horri esker. Open House Bilbao zeharkakoa da, soziala eta irekia, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik arkitekturaren gaineko ezagutzarik izatea.

Boluntario moduan izena ematen duten pertsonek egun erdiz parte hartuko dute, eta, ordainetan, lehentasuna emango zaie eraikinetara sartzeko, eta berentzako ez beste inorentzako bisitak ere bai, beste abantaila batzuen artean.

Momentuz, 450 pertsona baino gehiagok eman dute izena boluntario moduan. Izen emateko epea ez da amaitu oraindik, eta webgunearen bidez eman behar da.

Gainera, boluntarioen programari buruzko edozein argibide nahi izanez gero, posta elektronikoaren bidez egin daiteke harremana: boluntario@openhousebilbao.org.

Aipatu beharrekoa da zelan sendotu den EAEko hainbat unibertsitateren eta jaialdiaren eta haren antolaketaren arteko lankidetza, modu aktiboan hartzen baitute parte eta ekitaldia arrakastatsua izan dadin laguntzen baitute. Besteak beste, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Unibertsitatea edo Bilboko IED Kunsthal.

Antolaketa

Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatzen du, eta Bilboko Udalak babesten; OUT irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.

Open House aukera bat da herritarrek beren uriaren inguruko kontzientzia har dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, gai horiek ezagutzera eman, zabaldu eta jendarteratu egiten dira publiko zabal baten artean, parte-hartzearen bidez.