Síguenos en redes sociales:

Ekainaren 20tik Alde Zaharreko merkatari eta egoiliarrek ibilgailuak erregistratu ahalko dituzte

Ekainaren 20tik Alde Zaharreko merkatari eta egoiliarrek ibilgailuak erregistratu ahalko dituzteB. U.

Bilboko Udalak iragarri duenez, ekainaren 20an irekiko da Alde Zaharreko bizilagunek eta merkatariek ibilgailuak erregistratzeko epea, irailaren 1etik aurrera sartu ahal izateko. Izapide hori beharrezkoa da, eremu hori oinezkoentzat lehentasunezkoa izango baita, eta sarrerak matrikula-kamera irakurgailuekin monitorizatuko dira, dagoeneko instalatuta baitaude.

Joan den martxoan, Bilboko Udalaren Udalbatzak Oinezkoen lehentasuneko guneen Ordenantza onartu zuen. Ordenantza horretan, Zazpi Kaleek atal espezifiko bat daukate, ondarearen balioa eta balio historikoa duelako, eta irailaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak aplikazioaren eta bulego berriaren aurkezpenean gogorarazi du "oinezkoentzako eremuak nagusiki oinezkoek erabiltzeko espazioak direla, eta ibilgailuen sarbidea ahalik eta gehien mugatzen dutela. Zarata eta kutsadura gutxitzen dira horrelako eremuekin, bide-segurtasuna areagotzen da eta ibilgailuen sarrera mugatzen da".

IBILGAILUAK ERREGISTRATZEA

Zazpi Kaleetako egoiliarrek eta merkatariek beren ibilgailuei alta eman diezaiekete ekainaren 20an aurrera eskura izango dituzten erregistro-sistemetan.

Etxebizitza bakoitzeko baimen bat lor dezakete eta, gehienez ere, ibilgailu bi erregistratu ahal izango dituzte bertan. Horretarako, aukera bi daude:

  • BilbaoAccess aplikazioaren bidez. Telefonoen aplikazio honekin (Android eta IOS) erabiltzaileek beren ibilgailuak erregistra ditzakete eta oinezkoen guneetako sarrerak kudea ditzakete. Google Play eta App Store zerbitzuetan dago eskuragarri.
  • Hitzordua eskatuta eta Miguel Unamuno plazako 2an dagoen Zazpi Kaleetako Oinezkoen Lehentasuneko Guneko Bulegora (2. lonja, atzeko aldea) joanda. Ordutegia: 09:00etatik 13: 00etara eta 15:30etik 17:30era da, lanegunetan. Telefonoa: 94 436 08 87.
  • Udal-egoiliarrentzako partzela daukaten pertsonek ez dute alta emateko eskaera egin beharko, matrikulak automatikoki erregistratuko baitira udalaren datu-basetik.

Bestalde, garaje pribatuetan plaza daukaten ibilgailuen jabeek eskabidea bete eta Unamuno plazako bulego berrian, barrutiko udaltegian edo San Agustin eraikinean entregatu beharko dute.