Ikastaro honetan 5.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Ibiltarien Sarean, osasuna sustatzeko doako udal-programan, herritar guztiei zuzendua. Zehazki, 5.040 parte-hartzaile erregistratu dira 175 saiotan 2021eko urriaren 4tik ekainaren 29ra. Gainera, balantzearen aurkezpenean nabarmendu dutenez, ibilbide gogokoenak Los Caños, La Ría pasealekua, San Mames, Amezola eta Tres Parques izan dira.
Yolanda Diez alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak Ibiltarien Sarearen ikasturteko azken jardunaldian parte hartu du gaur goizean. Díezek gaurko ibilbideko parte hartzaileei egin die harrera, eta geraldi bat egin dute bidean, indarrak berritzearren Zabalguneko Udal Merkatuan gosari osasungarri bat eginez.
Zabalguneko Udal Merkatuko ahamen osasungarria fruta freskoarekin eta urarekin egin da, berriro eguneko ibilaldiari ekin aurretik monitoreekin batera.
Yolanda Diezek ikasturtearen balantze labur bat egin du, eta pozik agertu da "urtetik urtera parte hartzaileen artean arrakasta handia izaten ari den programarengatik", zeinak, ibilaldiok egiten dituzten pertsonen osasunerako onuragarri izateaz gainera, harremanetarako aukera ere ematen baitu, eta, hala, onura bikoizten.
Osasun eta Kontsumo Sailaren arduradunak hau gogorarazi du, orobat: "parte hartzaileen batez besteko adina 65 eta 70 urte artekoa den arren, gure erronka da herritar guztiek probatzea Ibiltarien Sarea, duten adina dutela".
UDAL MERKATUEK BAT EGIN DUTE IBILTARIEN SAREAREKIN
Programa astelehenetik ostiralera garatu izan da, 11:00etatik 13:00etara, eta profesionalak izan ditu beti zuzendari eta laguntzaile. Programak 15 ibilbide izan ditu, eta txandaka egin dira; interesdunek "Bilbo ezagutzeko ibilbideak osasuna zaintzen duzun aldian" izeneko gidan ikus ditzakete, zeina Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak argitaratu baitu, eta dagoeneko eskura baitaude udaltegien sarean eta Udalaren web-orrian.
Bestalde, osagarri moduan, ikasturte honetan hiru ikustaldi egin dira udal merkatuetan, erakustearren zeinen ardura handikoa den gorputz jarduerarekin batera modu osasungarrian elikatzea, bizimodu osasungarri bat izatearren eta ekonomia zirkularra eta gertuko produktuen kontsumoa sustatzearren. Abenduan, ibiltariek geraldi bat egin zuten Labayruko udal merkatuan; apirilean, Otxarkoagakoan; eta, gaur, ekainak 10, Zabalgunekoan.