Bilboko Udalak iragarri du Madrilgo Hirien Foroaren bosgarren ediziora joango dela ekainaren 14tik 16ra. Zehazki, Asier Abaunza Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Saileko zinegotzi delegatuak ordezkatuko du Udala, bai ekitaldi honetan, bai ekainaren 10ean eta 11n Bristolen egingo den Radix Big Tent Festival & Summit goi-bileran.

Bristolen, Abaunzak birritan parte hartuko du. Lehenengo aldia bihar izango du, barikuan, eta Bilbok bizi izan duen hiri-transformazioa azalduko du. Bigarren parte hartzea zapatuan izango du, mahai-inguru batean, COP delakoarekin toki administrazioen mailan, estatuen mailan eta nazioarteko mailan betetzekoak diren konpromisoez izango den eztabaidan (COP da Nazio Batuetako Klima Aldaketari buruzko Konferentzia).

Gero, martitzenean, ekainaren 14an, Madrilen, Bilbok Hirien Foroan parte hartuko du. Nazioarteko deialdi bat da, eta xedea du elkarrekin egoteko eta hiriek leku bizigarriago, jasangarriago, inklusiboago, parte hartzaileago eta erresilenteago bihurtzeko egin beharreko bidearen gaineko ideiak, proiektuak eta ikuspegiak trukatzeko gune bat izatea. Foro horretan, bestalde, Estatuko eta Latinoamerikako beste berrogeita hamar bat hirik parte hartuko dute.

Abaunzak arratsaldeko saioan parte hartuko du, zeinaren goiburua hau baita: "Hirigintza berriak XXI. menderako. Saio horren helburua da XXI. menderako hirigintza berrien eta beharrezkoen ereduak definitzen dituzten gakoak eta erronkak areago aztertzea, haien gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-alderdiak ere barne.