Bilboko Udalak ezagutzera eman ditu gaur goizean, ekainak 7, 2022ko Aste Nagusiaren irudia aukeratzeko antolatutako kartel-lehiaketaren finalistak. Hauek izan dira: 'Arte Pop', 'Explosión de orgullo', 'Diversidad', 'La sombra de la dama', 'Cuatro puntos cardinales' eta 'Abre la caja'.

Bilbok bere jaien edizio handia eskainiko die bilbotarrei eta bisitariei, abuztuaren 20tik 28ra; eta Aste Nagusia 2022ren kartela izango da gurera etorri eta jaietan murgiltzeko lehen gonbidapena.

Kartel finalisten lehen hautaketa bederatzi kidek osatutako Epaimahaiak egin du. Kideetako bost diseinu grafikoaren eta komunikazioaren eremukoak dira: Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria; Mario Paniego, BilbaoArte Fundazioko teknikari profesionala; Olga Zulueta, BilbaoCentro Merkatari Elkartearen zuzendari artistikoa; José Félix Ruiz, Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartearen zuzendaria, eta Luis López, EL CORREOko kazetaria. Horiez gain, Lurdes Luque Bilboko Konpartsaken ordezkaria, eta Udalbatzaren hiru ordezkari daude Epaimahaian: Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta Jai Batzordearen burua, eta Asier Abaunza eta Xabier Jimenez zinegotziak.

Behin 6 kartel finalistak hautatuta, Udalak botoa emateko sistema mistoa abiaraziko du bihartik (ekainak 8) ekainaren 15era (asteazkena) bitartean, herritarrek ere parte hartu ahal izateko Aste Nagusia 2022ren irudia aukeratzen.

  • Herritarren bozka, presentzialki Abandoko Barrutiko Udaltegian (Barrainkua kalea), astelehenetik barikura, 08:30etik 21:15era. Botoa emateko, nortasun-agiria aurkeztu beharko da (NANa, gidabaimena edo antzekoa).
  • Online bozketa, udal webgunearen bitartez edo hedabide eta komunikabide laguntzaileen bitartez.

Udalak herritarrak animatzen ditu Aste Nagusiaren irudia izango den kartela bozkatzera. Horren harira, eta parte-hartzea sustatzeko helburuari eutsiz, erabakiaren balioaren % 66 herritarren bozketarena izango da, eta gainerako % 33, berriz, Epaimahai espezializatuaren iritziarena.

Itziar Urtasun Lankidetzako, Jaietako eta Bizikidetzako zinegotziaren hitzetan, "lanen teknika eta disziplinak eta transmititzen duten poztasuna eta positibotasuna dira epaimahiak lehen fase honetan gehien baloratu duena. Aurten lehen aldiz, parte-hartzaileek lanak modu telematikoan aurkeztu behar izan dituzte, eta erantzuna zoragarria izan da, guztiz arrakastatsua. Honekin batera nabarmendu nahi nuke egile guztiek ulertu dutela Bilboko Udalak 2022ko Aste Nagusiari begira zabaldu nahi duen mezua. 6 lan finalista hauek ezin hobeto islatzen dute gure uriaren ezaugarri den aniztasuna".

Aste Nagusia 2022ren lan finalistak 3.000 euroko saria jasoko du.