Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ostiral honetan iragarri duenez, BilbaoArte Fundazioak gune berri bat izango du datorren urteko azaroan, 25. urteurrenarekin bat egingo duena. Espazio berri hau Abandoibarran egongo da eta 650 metro karratu inguru izango ditu.

Herriak Egiten funtsak finantzatzen du handitzeko proiektua, eta, beraren bidez, BilbaoArteren erakusketa-gunea beste leku batera aldatuko da, urian erdialderago, uriko kultur bizimodurako leku estrategikoago batean, Guggenheim Bilbao Museotik eta Arte Ederren Museotik gertu. "Nahiz bilbotarrek, nahiz Bilbora bisitan datozenek, orain, errazago izango dute Udalaren Arte Zentro honetara sartzea eta erakusketak gozatzea, eta orobat Fundazioaren bildumako funtsen erakusketa kolektiboak", adierazi du alkateak.

Zentroaren 25. urteurrenerako urtebete baino gehitxoago geratzen dela, BilbaoArte eguneratzeko eta zabaltzeko beharragatik bideratzen da hura handitzeko proiektua; "eraikina txiki ari zen geratzen, duela zenbait urtetik hona kudeatzen ari den jarduera ugarietarako. Zentroaren eta artisten aukerak mugatuta zeuden, lekuagatik, bilakaera handia izan baitu 1998an sortu zenetik, orain baditu-eta estudio hobeto hornituak, tailer-maisu profesional ibilbide handikoak eta tailer digital bat artista ugarik erabiltzen dutena duela sei urtetik", jakitera eman du Juan Mari Aburtok.

Hobetzeko eta handitzeko asmo horrekin berarekin, zentroaren bildumaren funtsak, dagoeneko, 500 obra baino gehiago dira, zentroaren tailerretan eta estudioetan sortuak. BilbaoArteren gune berria, halaber, bilduma horren biltegi eta erakusketa-areto ere izango da, eta beka jasoko duten artisten artean hautatutako proposamenena ere bai.

?

BEKA EREDUA BERRIKUSTEA ETA EGUNERATZEA

Alkateak nabarmendu egin du BilbaoArtek Bilboko eta Euskadiko talentu berriei ematen dien bultzada eta babesa, "areto hau, hala, hasiera-hasieratik izan da gazteen sormenerako leiho bat, era guztietako arte-arlo eta praktika garaikideak hartzen dituena, bertako artisten esku jarria".

Artistek gaur egun bizi duten errealitateari egokitzeko gogo horrekin berorrekin, joan den martxoan lanerako mahai-inguru batzuk egin ziren, zentroak sortzaileen komunitateari zer prestazio eskaintzen dizkion aztertzeko.

Gogoeta hori egiteko eta Fundazioaren zerbitzu eta programa bakoitza baloratzeko, artisten batzorde bat eratu zen, arlo bateko eta besteko sortzaileekin, zeintzuek maila bateko edo besteko harremana baitaukate zentroarekin, hala nola: Luis Candaudap, Ramón Churruca; Fermín Moreno; Ixone Sádaba; Zuhar Iruretagoiena eta Blanca Ortiga. BilbaoArteren zuzendariaren ustean, "lanerako mahai-inguru hauek biziki argitu dute BilbaoArtek hemendik aurrera hartu beharreko bidea."

Hala, bada, eta artisten haztegiari buruz, Javier Riaño BilbaoArteren zuzendari berriak hau azaldu du: "plan estrategiko berriak erdigunean jartzen du artista, eta haren profesionalizazioa lehenesten du, kalitate tekniko handiko obrak ekoitziz tailerretan eta estudioetan. Guk arte gazteenaren, engaiatuenaren eta garaikideenaren alde egiten dugu."