Síguenos en redes sociales:

Ostegun honetan inauguratuko da Elhuyar Zientzia Azoka

Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioak ikasturtean zehar gazteek landutako 200 proiektu erakutsiko ditu eta, gainera, tailerrak, esperimentuak eta zientzia ikuskizunak izango dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herriko ikasleek, ikerketa-zentroek eta unibertsitateek parte hartuko dute azokan eta aurten, lehen aldiz, sariak banatuko dira egunero eta Elhuyarren sare sozialetan emango dira ezagutzera.

Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, Koldo Narbaiza Olaskoaga, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Joseba Mariezkurrena Cuesta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna bultzatzeko zuzendaria; Amaia Agirre Pinedo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria; Eneritz Gonzalez Fernandez, Nafarroako Gobernuko Euskara Ataleko burua; Ivan Aguirre Torre, Erabiko zuzendaria; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Gaurtik hasi eta igandea bitartean, gazteek ikasturtean landutako 200 STEAM proiektu ikusteko aukera izango da Bilboko Areatzan, baita tailerrak, esperimentuak eta zientzia-ikuskizunak ere. Guztira 500 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Azokak berak 10 urte betetzen ditu, eta Elhuyarren 50. urteurrenaren ospakizunen artean egingo da.

Azoka 4 egunetan banatuko da, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsiko dira.

Sari-banaketari dagokionez, aurten estreinakoz sariak egunero banatuko dira, gazteei etxoletan bertan emango zaie dagokien saria, eta haien berri Elhuyarren sare sozialetan emango da. Jasoko dituzten sariak honako hauek dira: ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta estatuko zein nazioarteko azoketarako bidaiak.

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartuko dute. Eta azpimarratzekoa da proiektu honekin izan duten konpromisoa; unibertsitate eta zentro teknologikoetako 218 ikertzailek (199 emakume) eman zuten izena ikasturte-hasieran ikasleekin lan egiteko. Horrez gain, eta horri jarraikiz, azpimarratzekoa da ikertzaileen eremu profesionalaren presentzia azokan bertan; horrela, unibertsitateen proiektuak erakusteko, ikertzaile hauek egon dira Areatzan: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, TECNALIA eta BC Materials.