Bilbon produktuak edo zerbitzuak saltzeko edota ostalaritza-proiektuak irekitzeko negozioak abian jarri nahi duten ekintzaileek Bilbao Ekintza udal sozietatearen laguntza izango dute, Bilboko Udalak merkataritzako ekintzailetza-programa berri bat abiarazi baitu.

Bilboko merkataritza arloko ekintzailetza programak babesa eta laguntza espezializatua ematen die merkataritzaren esparruko ekintzailetza-proiektuei, ahalik eta baldintzarik onenetan merkaturatzeko aukera izan dezaten.

Merkataritza izan da pandemia-garaian gehien kaltetu den sektoreetako bat. Garai honetan gero eta garrantzi gehiago dute tresna digitalek, batik bat, saltokien lehiakortasunari eusteko irtenbideak eskaintzeko orduan. Hori dela eta, programa, funtsean, digitalizazioan eta merkataritzako kudeaketan oinarrituko da.

Digitalizazioari dagokionez, estrategia digital bat ezartzeko eta sarean ahalik eta gehien egotea lantzeko moduen inguruko aholkularitza emango da, betiere, jarduera eta publiko bakoitzaren arabera kanal digital egokienak hautatuz eta erabiliz. Bestalde, kanal guztietan egotearen garrantzia aztertuko da; izan ere, era horretan bezeroei erosketa-erabakiak kanal ezberdinen bitartez hartzeko aukera ematen zaie, eta esperientzia hobetzeko aukera ere bai, saltokia gehien komeni zaien ingurura egokituz eta bezeroari erosteko prozesua erraztuz.

Merkataritza-kudeaketari dagokionez, aholkularitzari begira, negozio bat martxan jartzeko orduan garatu beharreko askotariko alderdi espezifikoak hartuko dira aintzat, besteak beste, visual merchandising (espazioaren distribuzioa) delakoa, inbentarioa, negoziazioa hornitzaileekin, merkataritza-tarteen kalkulua eta kontrola, eta doako tresnak erabiltzea, hala nola TPV kudeaketa, bezeroenganako arreta eta fidelizazioa.

PROGRAMA OSAGARRIA

Bilbao Ekintzan enpresak sortzeko dagoeneko existitzen den babes- eta aholkularitza-zerbitzua osatuko duen beste programa bat da. Oraingo honetan, ibilbide profesional luzea duten adituen panel baten bitartez eman nahi zaio erantzuna honako honi:

  • Merkataritza-proiektu bakoitzaren premiekin bat datorren estrategia digital bat ezartzea eta eraldatzea, merkataritza elektronikoa gehieneko mailan dagoen gizarte honetan.
  • Kontsumoaren joera berrietara egokitzeko premia, zeinak bezeroari etengabeko esperientzia eskaini beharra dakarren, formatu, kanal eta gailu guztien bitartez.
  • Etorkizuneko bezeroaren profil berria, erosteko erabakiak ezarriko dituzten premiak eta faktoreak aintzat hartuta.
  • Merkataritza-proiektuek dituzten ezaugarriak, martxan jartzeko alderdi guztiak modu egokian garatuz, eta egokiak ez diren lokaletan inbertitzea murriztuz edo saihestuz.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo udalaren Ekintzailetza Zentrora Zabalguneko plazako 1. zenbakian, idatzi big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikora eta deitu 944205360 telefono-zenbakira.