Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina jarriko du martxan astelehen honetan, maiatzak 16. Kanpaina aste bat iraungo du, hau da, datorren igandera arte, maiatzak 22.
Kanpaina hori Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan dago.
Kanpaina honetan arreta jarriko zaie hiru alderdi hauei: IAT egunean edukitzea; pneumatikoen egoera eta higadura-maila -batez ere itsaspenari dagokionez, hori funtsezkoa izan baitaiteke lurzoru busti batean istripurik gerta ez dadin - eta, azkenik, argiak.
Ekimen honen helburua da gidariak kontzientziatzea gidatzean duten erantzukizunaz, istripu-tasa saihesteko eta gure errepideetan bide-segurtasuna bermatzeko.
Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasunaren Dibisioan jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aldez aurretik ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.
Aurreko asteetan abiadura kontrolatzeko eta gidatu bitartean gailu teknologikoen erabilera (mugikorra, GPS-a, eta abar) kontrolatzeko kanpainak jarri izan ditu martxan. Oraingo honetan, ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpainaren txanda izango da.
2021ean EGINDAKO KANPAINETAKO DATUAK
2021ean Ibilgailuen Azterketa Teknikoari buruzko kontrol-kanpainetan Bilboko Udaltzaingoak 1.373 ibilgailu ikuskatu zituen. Horietatik 123 salatu zituen, IAT epe barruan ez egiteagatik, 5 asegurua indarrean ez izategatik eta 14 beste arau-hauste batzuengatik.