Síguenos en redes sociales:

Urigunean bide-segurtasuna bermatuko du Bilbok

Urigunean bide-segurtasuna bermatuko du BilbokB. U.

Urigunean bide-segurtasuna bermatzea izango da Bilboko Udalaren erronka nagusienetariko bat. Hala ezagutarazi egin du ostegun honetan, martxoak 31, ospatutako osoko bilkuran oinezkoen lehentasuneko guneei buruzko ordenantza onartuz.

Ordenantza hau aplikatuta, kutsadura murriztu nahi da, bai akustikoa bai ingurumenekoa, eta haurren segurtasuna handitu, haien autonomia sustatuz eskola-bideak ezarrita. Era berean, ibilgailuen sarbidea ahalik eta gehien mugatu nahi da oinezkoen lehentasunezko eremuetara, eta bereziki kudeatu nahi da zamalanetarako ibilgailuena. Orain arte, gai horri buruzko hainbat araudi abian zeuden Bilbon, eta horrek desberdintasunak sortzen zituen uriko eremuen artean.

Ordenantza berriaren arabera, oinezkoen lehentasunezko guneetan debekatuta dago motordun ibilgailuak ibiltzea, gelditzea eta aparkatzea, hauek izan ezik:

  • larrialdietako ibilgailuak eta interes orokorreko zerbitzu publikoetakoak.
  • garraio publiko kolektiboko ibilgailuak.
  • autotaxiak eta GTI ibilgailuak, zerbitzua ematen ari direnean.
  • bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak. Udalaren berariazko baimena jasotzen badute bakarrik sartu ahal izango dira eremu horietara, eta denbora mugatu ahal izango zaie. gehienez ere 10 km/h-ko abiadura har dezakete, eta oinezkoengandik gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko dute.

Gainera, baldintza hauek ezarriko zaizkie gune horietako bizilagunei eta merkatariei: etxebizitza bakoitzeko baimen bat, gehienez ere bi ibilgailukoa; ezin izango dira bi ibilgailuak aldi berean sartu, baina beste ibilgailu bati gonbidapena egin ahal zaio; urtean 48 sarrera, hilean 4, aldi bakoitzean, gehienez ere, 30 minutu; ordutegia: 8:00etatik 11:00etara, astelehenetik domekara. Gainera, merkatariei sartzeko baimen bereziak emango zaizkie, zamalanetako ordutegi eta baldintza berberekin, beren jarduerarekin lotutako lanak beren ibilgailuarekin egiten dituztenean.

Zamalanak egiteko ibilgailuak izango dira bi eserlekuko ibilgailu mistoak, furgonetak eta baimendutako gehieneko masa (BGM) 3,5 tonatik beherakoa duten eta B emisio-kategoria (DGT) duten kamioiak. Hala ere, ingurumen-bereizgarria aplikatzeko 3 urteko epea izango dute.

Ostalaritzari dagokionez, hotel, ostatu eta pentsioek baimen bat izango dute, eta baimen horri matrikula bakarra batu ahal izango zaio, establezimenduak gonbidatuta. Gehienez ere 15 minutu egon ahal izango da, baina sartzeko baldintza espezifikoak ezartzeko aukera dago, kokapen zehatz bakoitzaren ezaugarrien arabera.

Era berean, debekatuta dago egoiliarrentzako aparkalekuetan eta garajeetan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak aldi berean sartzea, nahiz eta kasu horietan ez den ordutegi-mugarik egongo. Konponketa-tailerrek beren zerbitzuetara sartzen diren ibilgailuen matrikulak erregistratu beharko dituzte sartu baino lehen edo sartu eta hurrengo bi egun baliodunen barruan, baina ez zaie 30 minutuko muga aplikatuko.

Eskola-bideei dagokienez, ordenantzak erraztu eta bermatu egiten du adingabeak ikastetxeetara joateko bide-segurtasuna. Gainera, trazadura horiek azkarrago eta errazago aldatzeko aukera irekitzen da, Alkatetzaren Dekretu baten bidez.

ZAZPI KALEAK

Ordenantza berriaren barruan Zazpi Kaleen kasuistikari erantzuteko atal berezi bat dago; izan ere, haren ondare-balioa eta balio historikoa direla-eta, kasu berezia da urian. Nobedade nagusia da matrikula-irakurgailu digitalak egongo direla ibilgailuen sarrerak kontrolatzeko, eta horrek zehaztasun handiagoa ahalbidetuko du. Hogeita hamar gailu dira, guztira, eta perimetro osoan dagoeneko instalatuta daude. Arau berriak egiteko, partaidetza-prozesu bat sustatu da, hainbat arlotako eragileren parte-hartzearekin (gizartea, ekonomia, arlo publikoa, jasangarritasun arloa).

Egoiliarrentzako eta merkatarientzako sarrera-baldintzak oinezkoen lehentasunezko gainerako gunetarako berberak dira, ordutegia izan ezik. Kasu horretan, 8:00etatik 11:00etara izango da, astelehenetik domekara, baina tarte hauek gehituz: astelehenetik egunerako bitarteko lanegunetan, 21:00etatik 23: 00etara, eta igandeetan edo jaiegunetan, 18:00etatik 23:00etara.

Zamalanak egiteko ibilgailuak izango dira bi eserlekuko ibilgailu mistoak, furgonetak eta baimendutako gehieneko masa (BGM) 5,5 tonatik beherakoa eta 2,9 metrotik beherako altuera duten kamioiak. Sartze eta egun bakoitzeko 30 minutu izango dira gehienez, eta ordutegia 8:00etatik 11:00etara izango da, astelehenetik zapatura. Zamalanetarako ibilgailuak gehienez egon daitezkeen denbora luzatu ahal izango dute, banatzen dituzten saltokien kopuruaren arabera; horretarako, berariazko eskaera egin beharko diote udalari.

Bizikletan egiten diren banaketek, ordea, ez dute ordutegirik, eta bizikleta orgadunen eta zama-trizikloen kasuan, enpresak baimena eskatu ahal izango du banaketa-lanak zehaztutako ordutegitik kanpo egiteko. Zerbitzua ematen ari diren autotaxiek eta GTI ibilgailuek ere baimena dute sartzeko, bai eta bizikletek ere, ordenantzak adierazitako baldintzen barruan.

Zazpi Kaleetako hotelek, ostatuek, pentsioek eta konponketa-tailerrek gainerako eremuetako baldintza berberak izango dituzte. Bestalde, garaje pribatuek baimen bat izango dute partzela bakoitzeko, gehienez ere bi ibilgailurentzat, baina ezin izango dira aldi berean sartu eta ez dute ordutegi-mugarik izango. Egoiliarren aparkalekuek baimen bat izango dute partzela bakoitzeko, eta ez dute ordutegi-mugarik izango.

Gainera, gaur egungo 10. eremuko (TAO) ibilgailu egoiliar guztiek baimena izango dute Askao-Prim kaleetatik pasatzeko, aparkatu ahal izateko, eta Prim kaleko bizilagunentzat eragin-eremu bat ezarriko da, Zazpi Kaleetako bizilagunek baino muga gehiago izan ez ditzaten. Gonbidapenak ere eskatu ahal izango dituzte.