Bihar Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu bat eskainiko du Enkarnazioaren elizan. Zehazki, "Gogoetarako musika" titulatutako ikuskizuna 19:00etan hasiko da eta Iñaki Urkizu izango da zuzendaria. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrera doakoa izango da lekua bete arte.

Osasun-agintariek barneko espazioetarako ezarritako eta egun indarrean dauden neurriak errespetatu beharko dira. Ildo horretan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea elizaraino hurbiltzen den jendearentzat.

Bandak dozena erditik gora obra interpretatuko ditu, horien artean Johann Sebastian Bachen 'Bist du bei mir', James Barnesen 'Yorkshire Ballad', Chang Su Kohen 'Lament', Tomás Aragüésen 'Suite Clásica', Tomás Bretónen 'En la Alhambra', Gabriel Fauréren 'Pavane', Pablo Sorozabalen 'Gernika', Urkizu beraren moldaketekin eta Patrick Doylen ‘Non nobis domine’.

Bandak apirilean bere emanaldiekin jarraituko du. Hurrengo hitzordua Arriaga Antzokian izango da. Apirilaren 10ean, igandea, Bandako 45 musikari baino gehiagok, José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, Laiene Alcalá sopranoaren eta Leioa Kantika Koralaren (Basilio Astulezek zuzendua) laguntza izango dute, eta lan handiak joko dituzte, hala nola Vincent Persichettiren 'Symphony Nr. 6 op. 69’, Ruper Lekueren 'Lainoak' eta 'Inurripilo korapilatua', Francisco Ibáñez Irribarriaren 'Juegos de Otoño' eta J. Vicent Egearen 'Como niños'.

Era berean, apirilaren 28an, ostirala, Banda Bilboko J.C. de Arriaga Kontserbatoriora itzuliko da, “Kulturak hurbiltasunetik” emanaldiarekin. Kontzertu honetan, Pascual-Vilaplanak Miguel Arbelaiz tronboi jotzailearen laguntza izango du. José Serranoren 'El Miserere de la Montaña', Norman Dello Joioren 'Scenes from “The Louvre”’, Toshio Mashimaren 'Mont Fuj’' eta Andrés Álvarezen 'Eguzkilore' lanaren estreinaldia izango dira, besteak beste.