Gaur goizean, martxoak 8, Bilboko Udalak Emakumeen Nazioarteko eguna ospatzeko ohiko ekitaldia egin du. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak proposatutako adierazpena irakurri egin da.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru ekitaldian, eta han izan dira Nekane Alonso Berdintasun Saileko zinegotzia eta Udaleko alderdi politikoen gainerako eledunak ere.

"Berdintasunaren legea berritzea, berdintasunaren aldeko konpromisoa sendotzea" goiburuarekin, balioa eman nahi izan zaio Eusko Legebiltzarrak Berdintasunerako 4/2005 Legeari egindako aldaketari. "Berdintasunerako Legearen aldaketa honek berdintasun-politikak sendotzea ekarriko du, eta, beraz, beste urrats bat dakar gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterako bidean", adierazi da irakurritako testuan.

Alde horretatik, bada, Bilboko Udalak konpromisoa agertu du aurrera egiteko berdintasun arloko politiken eta zerbitzuen diseinu eta planifikazioan; hona zein ekintzaren bidez:

  • Berdintasun politikak garatzeko ekonomia-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartuz.
  • Genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia indartuz berdintasunaren aldeko lanean, eta orobat Udalaren sail batzuen eta besteen arteko koordinazioaren bidez.
  • Administrazioko langileen artean berdintasunaren arloko formazioa sustatuz, eta, horretarako, formazio-plan oinarrizko, nahitaezko eta iraunkor bat planifikatuz urratsez urrats.
  • Emakumeen aurkako era guztietako indarkeria matxistaren biktimendako arreta-sistema handituz, gure eskumenen eremuan; horretarako, indarkeria hori garaiz atzemateko sistemak hobetuko dira, neurri guztien xede bihurtuz biktimen eskubideak eta biktimen ahalduntzea, eta biktimek kaltea osa dakien daukaten eskubidea aitortuko da.
  • Aurrera eginez arlo arteko ikuspegi bat integratzeko eginkizunean, emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren arloko esku hartze publiko osoa inspiratuko duen ikuspegi gisa.
  • Herritarrak areago sentsibilizatuz; horretarako, bermatuko da herritarrak jabearazteko erakunde-kanpainak eta -programak izango direla, batez ere gizonezkoentzat eta umeentzat, eta, halaber, emakumeak ahalduntzekoak.
  • Aurrera eginez berdintasunerako neurri guztiak eta emakumeak ahalduntzeko neurri guztiak ezartzeko bidean, eta, horretarako, betiere, mugimendu feministaren parte hartzearen alde egingo da, eta haien ekarpenak aintzat hartuko dira.
  • Erakunde-erabakiak etengabe hobetuz, eta aldian-aldian eguneratuz, eta orobat koordinazio-sistemak eta -protokoloak.

Juan Mari Aburto alkateak, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeaz, hau adierazi du: "banakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko lankidetza bat da; bakoitzak bere eragin-eremutik saiatu behar du indarrak batzen eta estrategiak elkarren artean ezartzen, xede berari buruz.Gainera, Aburtok aitortu duenez, "oraindik ere, gaur den egunean, bide luzea daukagu egiteko emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasun batera iristeko, eta, horregatik, ezinbestekoa dugu emakumeen egunean aldarrikapenak egitea."