Síguenos en redes sociales:

Deustu eta Santo Domingo bitartean

Sei kilometro baino gehiagoko ibilbide bat eraikiko du Bilbok Artxandan

Sei kilometro baino gehiagoko ibilbide bat eraikiko du Bilbok ArtxandanBilboko Udala

BILBO. Bilboko Udalak lau milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du Santo Domingo eta Deustu bitartean sei kilometro baino gehiagoko ibilbide bat eraikitzeko. Lan hauek Sondikako Udalarekin batera sinatutako Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan egingo dira.

Plan horren xedea da egungo BI-3741 errepidea hiri-espazio bat bihurtzea, oinezkoentzako ibilbide seguru bat izango duelarik inguru guztian zehar, egoteko leku eta begiratoki berriekin. Ibilbide berri hau Artxandan dauden lursail, instalazio eta ekipamenduetara (eta izango direnetara) sartzeko bidea izango da, eta, gainera, erlaitz gaineko pasealeku bat sortuko da oinezkoentzat, zeina, zatirik handienean, bidea doan plataforma beraren gainean joango baita.

Oinezkoen nahiz ibilgailuen zirkulazioak antolatuko dira, Plan Berezian ezarritako erabilerei hobeto egokituz, zeinaren xedea baitzen Artxandako Parkeari irisgarritasun on bat ematea, halako moldez non Bilboko eta Bizkaiko herritarrek areago erabili eta gozatuko duten hura.

Artxandako Pasealeku Begiratoki berria lizitatzeko bidean da dagoeneko; 4.311.984,37 eurokoa du aurrekontua (BEZa barne), eta 16 hilabeteko epean gauzatzekoa da.

ZIRKULAZIOA BARETZEA ETA OINEZKOEN IBILBIDE SEGURUA

Oinezkoen eta ibilgailuen erabilera uztartzearren, baretu egin beharko da ibilgailuen zirkulazioa jardun-eremu osoan. Horretarako, Bilboko Udalak estutu egingo ditu erreiak, hiru metrora arteko zabalerara arte, eta mugatu egingo du abiadura ibilbide osoan, 30 km/h gehienezko abiadura ezarriz, salbu eta Nogaro eta Truebako biribilguneen arteko tarterako, non 20 km/h izango baita gehienezko muga.

Era berean, radar pedagogikoak ezarriko dira zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta semaforoak ere bai Berriz, Nogaro eta Truebako hiriguneetako oinezkoen pasaguneetan.

Horrez gain, Berriz eta Nogaroko hiriguneetan, bai eta Nogaroko eta Truebako biribilguneen arteko tartean, berritu egingo da galtzadako zoladura, tarte horiek hiritartzearren eta oinezkoen zirkulazioari lehentasuna ematearren.

Aldatu egingo dira bideetako zoru-markak, eta oinezkoentzako ibilbide bat sortuko da, hormigoi drainatzaile berdezkoa, Santo Domingorako noranzkoan, eskuinaldeko bide-bazterrean; bereizita egongo da galtzadatik, eta, horretarako, zoladura aldatuko da, eta hesi bat ezarriko da, metalezko arimaduna eta zurez estalia.

Egoteko lekuak sortuko dira, jarlekuz hornituak, ibilbide osoan zehar, eta berritu egingo dira lehendik ziren begiratokiak, eta, aldi berean, berriak ere egingo dira. Esate baterako, begiratoki berri bat ipiniko da Nogaroko biribilgunearen inguruetan. Zurezko egitura bat izango da, Pikotamendikoaren antzekoa, eta, hala, natur inguruaren estetikari eutsi egingo zaio ibilbide osoan zehar.

Txirrindulariak ibiltzen direla ohartaraziko da, bidean bertan erreia seinalatuz bizikletaren irudia eroango duten seinale termozigilatuekin. Eta, seinaleztapenari dagokionez, nabarmentzekoa da galarazita egongo dela ibilgailuak aurreratzea obra egingo den eremu guztian, nahiz eta eutsi egingo zaien egun diren biratzeei eta bidera sartzeko erreiei.

Hobetu egingo da, halaber, argiteria, nahiz oinezkoen ibilbidean, nahiz bidean bertan; eta, halaber, euri-uren, ur beltzen eta saneamenduko uren sareak berritu egingo dira.

OBRAK EGITEA: TARTEAK, FASEAK ETA SEGURTASUNA

Jardunaren eremuak 53.000 metro koadro baino gehiago hartzen ditu, eta bost tarte ditu:

  • 1. tartea: Berrizko bizitegi gunetik Nogaroko biribilguneraino.
  • 2. zatia: Nogaroko biribilgunearen eta Truebako biribilgunearen artean.
  • 3. zatia: Truebako biribilgunearen eta El Galloko biribilgunearen artean.
  • 4. zatia: El Galloko biribilgunetik Santo Domingoraino.
  • 5. tartea: El Galloko biribilgunetik Antenen Etxeraino, BI-3732 errepidetik.

Hori kontuan hartuta, Udalaren proiektu honek hainbat fase proposatzen ditu obra egiteko, guztira bost, ibilgailuen zirkulazioaren gainean izan dezakeen eragina ahalik eta gehien gutxitzeko.

Gainera, lanak segurtasunez egiteko, hala bidearen erabiltzaileen nola langileen alde, arautu egingo da zirkulazioa, eta errei bakarra ezarriko, bi noranzkorekin eta semaforoen bidez araututa. Horretarako, tarteak ezarriko dira, txandaka igarotzeko, 200 eta 350 metro luze bakoitza, gutxi gorabehera, kasuaren arabera eta ikusgaitasunaren arabera.

ERREPIDEAREN TITULARITATEA ALDATZEA

Pasealeku berria diseinatu eta gauzatu aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak Artxanda osoan zehar doan errepidea (BI 3741) urbanizatu zuen, Enekuri eta Santo Domingo artean, eta hiru biribilgune eginarazi, Nogaroko antzinako izotz pistaren parean, Trueba ikastetxearen parean eta El Galloko bidegurutzean.

Jardun hori iragan uztailean amaitu zen, eta, hala, aldatu egin zitzaion errepideari funtzionalitatea, eta hirikoago eta bareago bihurtu. Horren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak laga egin zion errepidearen titularitatea eta errepide tarte horren kudeaketa Bilboko Udalari (1.380 metrokoa da).

Gainera, eta lan horiek baliatuta, Bilboko Udalak obra osagarri batzuk egin zituen, aireko hari elektrikoak espaloi berrietan lurperatu eta kanalizatzeko, eta, hala, pasealekuaren tarte horretan, uriari begirako ikuspegiak baitauzka, paisaiaren gaineko inpaktua gutxitzearren. Jardun horretarako, Udalak 206.000 euro ezarri zituen.

ARTXANDA AKTIBATZEKO PLANA

Artxanda Aktibatzeko Planaren helburua da inguru horren aukerak indartzea, berez daukan natur eta jasangarritasun balioari eutsiz uneoro. Alde horretatik, bada, Bilboko Udalak ekonomia suspertzeko lan egingo du, eta adin guztietako jendeak erakartzeko ere bai, eta, horretarako, aisialdiko eskaintza hedakor eta inguru guztira barreiatu bat prestatuko du, familientzat pentsatua, eta egunean zehar gozatzekoa.

Iaz Hatz-markaren parkea berrurbanizatzeko lanak buruturik eta Begiratoki Ibilbidea eraikita, aurki ekingo zaio parke berri bat sortzeko lanari: 66.700 metro koadro izango ditu, eta futbol zelaiaren inguruan joango da, Hatz markaren parkearen ondoan: Topagunearen parkea izango da. Adin eta interes bateko eta besteko jendeak gozatzeko pentsatuta dago. Hori dela eta, hainbat erabilera emango zaizkio, eta aukeren artean daude berotegi botaniko bat, aintzira artifizial bat, zurezko zaldainak uraren gainean, umeentzako olgetak naturan...

Burdin hesia berreskuratzea eta haren zabalkundea egitea da planak nabarmentzen duen beste xede bat da, eta Bilboko Udalak ikustaldi gidatuak antolatuko ditu horretarako, eta agerbide birtualak baliatuko ditu horretarako.

Udalak balioa eman nahi dio Artxandari, bere luze-zabal osoan, eta, horretarako, dinamizazio-ekimen batzuk baliatuko ditugu, olgetazkoak, pedagogikoak eta kirolezkoak, mendiaren erlaitz osoan zehar, astean zazpi egunetan. Ekimen horiek, gainera, lagungarri izango dira enplegua sortzeko, eta adin guztietako eta era guztietako jendearentzat aukera berezituak eskaintzeko.

Jarduera guztiak koordinatuak izango dira, eta bat etorriko dira gauzatuko direneko natur ingurunearekin. Espazio pedagogikoak izango dira, abentura-parkea natur inguruko aisialdia eskainiz, kirol ibilbide zailak natur ingurunean, gorputzarekin lehia gabe saiatzeko lekuak Artxandako kiroldegia osatuz, kalitatezko esperientzia gastronomikoak, formatu txikiko ikuskizun zuzenekoak, tailerrak, bertako produktuen feriak eta azokak...hara hor aukera batzuk.