BILBO. Bilboko Udalak ikasleen enplegagarritasuna bultzatu nahi du Erasmus + Eurocip programaren bitartez. Aurtengoa IX. edizioa izango da. Ekimenean Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeetako hogeita lau ikaslek eta bost tutorek parte hartuko dute.
Proiektua honako honetan datza: ikasleek lan-praktikak egitea Europako hainbat herrialdetako enpresatan. Praktikek hilabete iraungo dute, maiatzetik uztailera, eta gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak garatzeko aukera izango dute.
Proiektuaren kudeaketa Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza sozietatearen bitartez, zuzenduko duen partzuergo baten bidez egingo da, Otxarkoagako Lanbide Heziketa ikastetxearen, ADSIS fundazioaren eta Peñascal Fundazioaren babesarekin.
Ikasle eta tutoreek hiru ikastetxe horietan ikasten dute, eta alor hauen inguruko praktikak egingo dituzte: arte grafikoak, informatika eta komunikazioak, elektrizitatea eta elektronika, mekanika, karrozeria, ile-apainketa eta sukaldaritza. Alemaniako Augsburgo eta Karlsruhe hirietan eta Italiako Rimini hirian egingo dituzte.
Ikasleen profilari dagokionez, 16 eta 21 urte bitarteko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak izango dira, aurretiazko inolako lan-esperientziarik gabekoak. Horretarako, gutxieneko irakaskuntza arautuko helburuak lortu beharko dituzte.
Erasmus+ Eurocip proiektuan, helburu estrategiko batzuk ezarri dira ikasle parte-hartzaileek hasiera-hasieratik gizarteratzea, laneratzea eta hezkuntzan txertatzea hobetzeko. Hauexek dira helburu estrategiko batzuk:
- Ikasleen mugikortasuna ugaritzea eta hobetzea, lan-merkatura sartzea eta bertan luzaro egotea arintzeko prestakuntza-ibilbidea garatzea.
- Praktika bidezko lan-eskarmentua eskaintzea Europar Batasuneko beste estatu batean.
- Gazteen lana, prestakuntza eta hezkuntza modernizatzea, ikaskuntza formala, ez formala eta informala barne.
- Europako lan-merkatuan mugikortasuna hobetzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak sendotzea.
Proiektuak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (HNEZ) finantzaketa jasoko du. Hain zuzen ere, organo hori izan da Europan hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirola babesteko ikasleentzako Erasmus+ mugikortasun-programaren sustatzailea.