Síguenos en redes sociales:

5 urteko umeek eta 17 urteko gazteek aisialdi dibertigarria izan dezaten 2.600 leku eskainiko ditu Bilbok

Eskola-oporren garaian gustu guztietarako lantegiak egongo dira hiriko 8 barrutitan

5 urteko umeek eta 17 urteko gazteek aisialdi dibertigarria izan dezaten 2.600 leku eskainiko ditu BilbokB. Udala

BILBO. 5 urteko umeek eta 17 urteko gazteek aisialdi dibertigarria izan dezaten 2.600 leku eskainiko ditu Bilbok gabonetan. Udalak, 6 programa abiarazi ditu eta eskola-oporren garaian gustu guztietarako lantegiak egongo dira hiriko 8 barrutitan.

Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak Udalaren determinazioa nabarmendu du, “Gure adingabeei gune bat eskaintzen dielako aisialdi hezigarrirako, jolasean eta olgetan ikas dezaten, eta, aldi berean, norberaren bizimodua, lanekoa eta familiako uztartzen laguntzearren”. Gainera, Agirregoitiak nabarmendu du ezen Udalaren eskaintza horretako jardueretako asko familientzat direla, “olgetarako jarduerak eskaintzen dira, adingabeei aukera ematearren familia inguruko pertsonekin batera gozatzeko denbora”, amaitu du esanez.

Egitarauan, gustu guztietarako lantegiak eskaintzen dira: kirol-, teknologia-, moda- edo sukalde-lantegiak, eta sormena, kirola eta musika sustatzeko jarduerak ere bai, besteak beste. Programak uriko 8 barrutitan gauzatuko dira, jarduera gehienak gaur, abenduak 26 (eguaztena) hasiko dira, eta urtarrilaren 4ra arte (barikua) izango dira.

GUSTU ETA POLTSIKO GUZTIETARAKO JARDUERAK

“Gabonetan primeran kirola eginez”: 6 eta 13 urte bitarteko 1.026 umek kirolaz gozatzeko aukera izango dute, hala nola igeriketa, padel, tenis edo saskibaloiaz, Bilboko udal-kiroldegi batzuetan. Olgetan ibiliko dira, eta, aldi berean, bizimodu osasuntsuko ohiturak hartzen.

Gabongune eta Gabonkide: 5 eta 11 urte bitarteko umeak olgetan ibiliko dira, eta lagun berriak egingo dituzte, eta, aldi berean, berdintasuna, errespetua edo sormena bezalako balioak ikasi eta landuko dituzte. Batean zein bestean, adingabeek urian izan badiren arte mota batzuk eta besteak eta era bateko eta besteko tradizio eta kulturak ezagutuko dituzte. Bi programa horiek Sánchez Marcos ikastetxean, Zazpi Kaleetan (Belostikale, 23) eta Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañosko udal-barrutietan gauzatuko dira. Guztira, 372 umek izango dute aukera Gabongune eta Gabonkide bezalako jarduerez gozatzeko.

#GazteKluba Gabonak: Bilboko Udalaren programa berri bat da, aisialdiko 25 jarduera baino gehiago eskaintzen dituena 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat.

Guztira, 750 plaza eskainiko dira parkour, jugger edo saskibaloia bezalako jardueretarako. Moda- eta sukalde-lantegiak izango dira, eta musika- eta bideojoko-jaialdiak. Gainera, txangoak antolatu dira Bilbotik kanpora; bat Astunera, umeek gaua igaro eta eskiatzeko, eta bestea Donostiara.

Zeu Moldatu!!!: teknologia-lantegiak, 8 eta 11 urte bitarteko 320 umek musika elektronikoa ikasteko, robotak programatzeko eta dronei hegan eragiteko. Jarduerak Abando eta Basurtoko udaltegietan izango dira.

“Kontari eta Kantari”: 6 saio, doakoak, musikaz lagundutako ipuinak entzuteko, 7 urte baino gutxiagoko umeak dauzkaten familientzat. Olgetarako, kulturarako eta aisialdirako gune bat da, familiek kalitatezko denbora elkarrekin eman eta goza dezaten. Oraindik, 2 saio geratzen dira. saioak Errekaldeko eta Abandoko udaltegietan izango dira. Saio bakoitzean 25 umerentzako eta familiako heldu batentzako lekua izango da. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Umeentzako Gabonetako Gida 2018: On line bilatzaile bat da, Udalaren web orrian, www.bilbao.eus eskura dagoena, urtarrilaren 6ra arte. Aplikazio horren bidez, familiek aukera izango dute jakiteko Egubarrietan, urian, zer jarduera eskaintzen den 3 eta 13 urte bitarteko adingabeentzat. Umeentzako aisialdiko 345 jardueraren gaineko xehetasunak jakin ahal izango dira; jarduera horiek 81 programatan daude jasota, eta 23 entitatek antolatzen dituzte.

#BILBAOGABONAK

#BilbaoGabonak izen generikoarekin, Bilboko Udalak proiektu aitzindari bat abiarazi du aurten, Uria, apurka-apurka, erakarpen gune bat izan dadin Gabonetan ere.

2018an, ekitaldi handiak izan dira Bilbon, eta Europako Hiririk Onena izatea ere aitortu zaio, eta, hala, beste era bateko ekimen batekin bururatu nahi da urtea, argia eta protagonismoa emanez Uriari egun hain berezi hauetan. Proiektu honen atzean bada xede bat: jendea erakartzea, bai bertakoa, bai inguruetakoa, eta baita Estatuko eta atzerriko turistak ere, merkataritzari eta negozioei eragitea, kalitatezko kultura- eta aisialdi-eskaintza bat egitea?eta Bilbo uri magiko eta erakargarri bat bihurtzea Gabonetan.

Alde horretatik, Europako beste uri ospetsu batzuen ereduari jarraituz, aurten, Bilbok indartu egin du Gabonetako proiektua, berrikuntzak erantsiz urian egitekoak diren 400 jarduera baino gehiagori: Areatzan eta Erripako kaian, Gabonetako Merkatua izango da, helduentzako eta umeentzako aisialdi-gune bat, zeinean lehenbiziko aldiz txirrista bat eta “izotz ekologikozko pista” bat ipiniko baitira, eta baita argiztapen eta apainketa berri, deigarriago eta bereziago bat ere.