BILBO. Bilbon aztertuko dira euskararen erabileraren gakoak. Sabino Arana Fundazioa eta Euskaltzaindiaizango dira gogoeta egino duten elkarteak, eta herritarren kasuan, parte hartzeko euskaltaindiaren posta elektronikoaren bidez eman beharko dute izena.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hasiko dute mintegia, 09.15ean.

Jarraian, 09.30ean, "Jakin arren, erabiltzeko mugak eta oztopoak" izenburuko tartean, Jon Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduraduna "Erabileraren gakoak azterketa soziolinguistikoen argitan" gaiaz ariko da.

Halaber, Garbiñe Beraziartua eta Beñat Muguruza Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleek "Erabileraren gakoak egoera informaletan eta gazteen artean (I)" izango dituzte hizpide, eta Joxerra Gartzia idazle eta irakasleak "Erabileraren gakoak egoera informaletan eta gazteen artean (II)" gaia landuko du. Ondoren, elkarrizketarako tartea izango da, Ibon Manterola EHUko irakasleak moderatuta.

Topaketaren bigarren zatian, 11.45ean, "Euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak" izango dira aztergai. Hasteko, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza politikarako sailburuordeak "Euskararen erabilera hazteko eta kalitatea hobetzeko ildoak, Eusko Jaurlaritzaren euskararen agenda estrategikoaren (2017-2020) arabera" aurkeztuko ditu.

Gainera, 12.15ean, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari nagusiak "Euskararen erabilerari begirako lan-ildoak Nafarroako Gobernuaren Plan Estrategikoaren arabera" izango du hizpide, eta amaitzeko, 12.45ean, Joseba Erremundeguy Euskararen Erakunde Publikoko Misio kargudunak "Euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak Ipar Euskal Herrian" aztertuko ditu. Mintegia elkarrizketarako beste tarte batekin bukatuko da, Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea moderatzaile dela.