BILBO. Bilboko Portua eta Mercabilbao 13 enbaxadoreekin bildu dira herri ezberdinetatik heldutako inportazioak sustazeko helburuz Bertan lan saioa antolatu da, eta batez ere fruta inportazioak bultzatu dira jardunaldian.

Zehazki, Mexiko, Peru, Kolonbia, Hegoafrika, Ekuador, Brasil, Txile, Argentina, Paraguai, Panama, Honduras, Costa Rica, Nikaragua, AEB, Maroko eta Pakistango ordezkariak izan dira bileran. Fruta ekoizten eta komertzializatzen duten enpresek Bilboko Portua eta Mercabilbaoko instalazioak ezagutzeko interesa agertu dute, urriaren 23tik 25era Madrilen egingo den Fruit Attraction azokan izango direla aprobetxatuz. Bisita horretan lan saio bat antolatuko da, eta han izango dira Bilbon eta haren eragin eremuan fruta inportatu eta esportatzen duten enpresa nagusiak.

Elikagaietarako eta, bereziki, frutetarako instalazioen eta prozeduren berri eman da bileran. Bilboko Portuko Mugako Ikuskaritza Postuen burua gonbidatu gisara izan da lan gosarian, eta erakutsi du zer instalazio dauden animalia jatorrikoak ez diren gizakiok kontsumitu edo erabiltzeko produktuetarako. Mugan kanpoko osasun kontrolak egiteko zer giza baliabide eta zer baliabide material dauden ere jakinarazi du. Horrez gain, Espainiako iparraldean eta Frantziako hegoaldean frutak eta barazkiak merkaturatzeko Mercabilbaok daukan potentziala ere azaldu da topaketan.

Bilboko Portuko Agintaritzak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuko laugarren portua da Bilbokoa, eta 34,2 milioi tonako trafikoa du. Tona horietatik, 6,4 milioi kontainer bidez garraiatzen dira. Azken urteotan, ahalegin handia egin du fruta eta barazkien sarrera eta irteera fluxuak areagotzeko. Alor horretan Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu, sinergiak aprobetxatuz, karga bidaltzaile berriak eta itsas linea berriak erakartzeko. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao. Espainiak 3,6 milioi tona fruta eta barazki inportatzen du, eta horietatik %28 Bilboko portutik 400 kilometrora edo gutxiagora daude.