Musika bandak eta txistulari bandak euren talentzuak elkartuko dituzte Areatzan
“Haurtzaroaren magia” lelopean, musika bandak ohorezko bost gonbidatu izango ditu lagun eszenatokian: Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García.
Txistulari Bandako kideek euskal konposizioak interpretatuko dituzte, musika bandakoek, aldiz, nazioarteko obrak eskainiko dizkiete ikus-entzuleei. Bilboko Udal Musika Bandaren udaberriko zikloa, ostiral honetan jarraituko da, ekainak 1, denboraldiko kontzertu berezienetariko batekin. Bilboko Udal Txistulari Bandako kideek guztiek ondo baino hobeto ezagutzen ditugun euskal konposizioak interpretatuko dituzte, musika bandako kideek, aldiz, nazioarteko obrak eskainiko dizkiete ikus-entzuleei.
Emanaldia, 19:00etan hasiko da Areatzako kioskoan eta bi zatitan banaturik egongo da. Lehenengoan, txistua eta euskal doinuak izango dira protagonista nagusiak. Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendaria eta txistu lehena den Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, Idoia Kareaga (txistu bigarrena), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garciak (atabala) euskal kantutegiaren abesti oso ezagunak interpretatuko dituzte. Nabarmentzekoak dira Eduardo Ezeizabarrenaren, “Ametsa” rapsodia, Federiko Kortoren “Mari Zeli”, Santos Intxaustiren “Kontrapasa”, Eduardo Gorosarriren “Idiarena”, ldefonso Lizarriturriren “Boleras”, Leandro Zabalaren “Tolosa” eta “Imotz” herrikoia, J.I. Ansorenaren moldaketekin.
Txistularien ondoren, Musika Bandako 45 interpreteak agertuko dira eszenatokian. Beste behin, Iñaki Urkizu zuzendariordearen batutapean nazioarteko obra anitzak entzun ahal izango dira, besteak beste: Henry Fillmoren “The circus bee”, Naohiro Iwairen “Disney fantasy”, P.I. Tchaikovskyren “The nutcracker swing” eta Richard Rodgersen “Do-re-mi”.
Udaberriko zikloa, hurrengo ostiralean jarraituko da, ekainak 8, “Herri baten soinuak” izeneko emanaldiarekin. Okasio honetan, musika bandak, berriro ere, txistu bandaren laguntza izango du. José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren batutapean nazio eta nazioarteko lan oso ezagunak entzungo dira, nabarmentzekoak dira, besteak beste: Vicente Enguix Vañóren “Festa!”, Franco Cesariniren “Cosack folk dances”, Jan van der Roosten “Balkanya”, Félix Sistiagaren “Pozaldi”, Bonifacio Laskurainen “Homenaje a Laskurain” (A. Ibarrondoren moldaketekin) eta “Txori kantak”, Manuel Gainzaren “Biribilketa Gainza”, José R. Pascual-Vilaplanaren “Les noces del manyà” eta Domingo Egileorren “Garbiñe eta Koikille”.
BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA
Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
ZUZENDARIA: IÑAKI URBIZU
Beasaingo Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin.
Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere. Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, "Arrasate Musical" Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen.
Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan. Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, "Oskorrí" folk-talde ezagunaren omenez egina.
Ertzaintzako musika Bandako zuzendaria izan zen 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 2006an Bilboko udal musika Bandaren zuzendariordearen postua jaso zuen. 800 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José M ª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Banda biekin zenbait CD grabatu ditu. Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.