Bilboko Udal Musika Bandak udaberriko zikloari jarraipena emango dio ostiralean
Iñaki Urkizu zuzendariordearen batutapean Robert Jager, Brian Balmages, Van McCoy, Alfred Reed eta Anatoly Lyadov maisuen obrak interpretatuko dira
BILBO. Ostiral honetan, maiatzak 25, Bilboko Udal Musika Banda Areatzako Kioskora bueltatuko da, udaberriko bigarren emanaldia eskaintzera. Oraingoan, Iñaki Urkizu zuzendariordearen batutapean bandako 45 musikariek munduko leku anitzetako dantzetan murgilduko dira: dantza arabiarrak, afrikarrak, armeniarrak edo Amazonasekoak. Beraz, 19:00etatik aurrera “Munduko dantzak” lelopean, obra oso ezagunak entzun ahal izango dira, besteak beste: Robert Jageren “Sinfonia nobilissima”, Brian Balmagesen “Arabian dances”, Van McCoyen “African symphony”, Alfred Reeden “Armenian dances I” eta “Fifth suite for band” eta Anatoly Lyadoven “Dance of the Amazon”.
Udaberriko zikloa, hurrengo ostiralean jarraituko da, ekainak 1, “Haurtzaroaren magia” izeneko emanaldiarekin. Duda barik, udaberriko zikloaren kontzertu berezienetariko bat izango da, musika bandak, ohorezko bost gonbidatu izango baititu lagun eszenatokian: Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García.
Bilboko Udalaren Txistulari Bandako kideek guztiek ezagutzen ditugun euskal konposizioak interpretatuko dituzte, hala nola: Eduardo Ezeizabarrenaren, “Ametsa” rapsodia, Federiko Kortoren “Mari Zeli”, Santos Intxaustiren “Kontrapasa”, Eduardo Gorosarriren “Idiarena”, ldefonso Lizarriturriren “Boleras”, Leandro Zabalaren “Tolosa” eta “Imotz” herrikoia, J.I. Ansorenaren moldaketekin. Musika bandako kideek, aldiz, Iñaki Urkizuren batutapean Henry Fillmoren “The circus bee”, Naoiro Iwairen “Disney fantasy”, P.I. Tchaikovskyren “The nutcracker swing” eta Richard Rodgersen “Do-re-mi” obrak eskainiko dituzte.
ZUZENDARIA: IÑAKI URKIZU
Beasaingo Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere.
Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, "Arrasate Musical" Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen. Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.
Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, "Oskorrí" folk-talde ezagunaren omenez egina.
Ertzaintzako musika Bandako zuzendaria izan zen 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 2006an Bilboko udal musika Bandaren zuzendariordearen postua jaso zuen. 800 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José M ª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Banda biekin zenbait CD grabatu ditu. Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.
Más en Bilbao
-
Bilbao estrena 790 bicis el mismo día que veta los vehículos de tipo B en la ZBE
-
Una universidad de Bizkaia, entre las diez mejor valoradas por las empresas según Forbes
-
Bilbok hiribilduaren sorreraren 725. urteurrena ospatzen du gaur
-
Alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu Bilboko Udaltzaingoak