BILBO. Udalak 2 milioi euro jarriko du 2019ko parte-hartze bidezko prozesuan onartutako proposamenak gauzatzeko. Proposamen bakoitzak, gehienez, 500.000 euroko kostua izango du, herritarrek aurkeztutako ahalik eta ekarpen gehienei lekua egiteko. Bihar, apirilak 19, hasiko da ideiak eta proiektuak aurkezteko epea eta maiatzaren 10era arte egongo da zabalik. Proposamenek garrantzitsuak izan behar dute eta interes orokorrekoak.

Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziak hala eman du jakitera gaur goizean Bilboko Udaletxean Gobernu Batzordeak egindako bileran. Zaldunbideren hitzetan aurreko edizio bietan izandako arrakasta ikusita, aurten ere partaidetza handia izatea itxaroten dute; partaidetza handia bilbotarrek Bilbo egiten laguntzeko, denok bizitzeko eta bertan gozatzeko gura dugun uria egiten laguntzeko, alegia.

Zinegotziak gaineratu du orain herritarrek parte hartzeko bide hau finkatzea dela, azpimarratu duenez Bilboko Udalaren xedea, uriko herritarrek parte hartzea oso garrantzitsua delako, hain zuzen, uria hobetzeko proposamenak eta ideiak bidaliz uria hobetzen laguntzeko. Horretarako behar-beharrezkoa da udalak tresnak jartzea, herritarrei entzuteko mekanismoak ahalbidetzea, uriko baliabide ekonomikoak zelan kudeatzen ditugun batera erabakitzeko mekanismoak erraztea.

EPEAK ETA PROZEDURAK

Bihar, apirilak 19, hasi eta maiatzaren 10era arte egongo da zabalik proposamenak aurkezteko epea.

Aurrekonturako ideiak eta proposamenak aurkezteko udal webguneko (www.bilbao.eus) “Parte-Hartze bidezko Aurrekontuak” atalean dagoen inprimakia bete beha da, edo idazki bat aurkeztu, Bilboko Udalaren Erregistro Orokorrean edo uriko 8 barrutietako herritarrei arreta emateko dauden udal bulegoetan.

Jasotako proposamen bakoitzari identifikatzeko kode bat emango zaio, aurkezleak proposamenaren jarraipena egin ahal izateko.

Ekainaren 1ean, jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira, iraingarriak edo bereizgarriak direnak baztertu ondoren. Ekainaren 2tik aurrera eta Gobernu Batzordeak Udalaren Aurrekontuen Proiektua onartu arte, udaleko sailek proposamenen edukiak aztertuko dituzte, besteak beste, ikusmolde juridiko eta teknikotik; eta bakoitzaren kalkulu ekonomikoa egingo dute. Proiektuek ezin izango dute 500.000 euroko zenbatekoa gainditu, herritarrek aurkeztutako proposamenetatik ahalik gehien gauzatu ahal izateko.

Legezkoak eta teknikoki bideragarriak diren proposamenak lehentasun-fasera pasatuko dira. Hor garrantzitsuenak aukeratuko dituzte, 2019ko Udal Aurrekontuen Proiektuan jasota geratzeko.

Aurrekontuen proiektuan jasota geratu diren proposamenak eta jaso barik geratu direnak; hots, proposamen guztiak udalaren webgunean (www.bilbao.eus) argitaratuko dira.

UDALEKO SAIL GUZTIENTZAKO PROPOSAMENAK

Proposamenek garrantzitsuak eta interes orokorrekoak izan behar dute, auzoren, barrutiren edo uriko kolektiboren batentzat zein uri osoarentzat.

Bilboko Udaleko parte-hartze bidezko aurrekontuen prozesuan aurkezten diren proposamenak Udalaren eskumeneko zein-nahi arlotakoak (garapen ekonomikoa, gobernu ona, gizarte arloko politikak, kultura, euskara, gazteria, kirola, segurtasuna, mugikortasuna, ingurumena, etxebizitza, garapen osasungarria, jasangarritasun eta hiri-garapenaren arloko politikak?) izan daitezke, baina, ahal dela, barrutiak hobetzeko obrei eta lanei buruzkoak ez direnak; izan ere, obra horiek euren Parte-Hartze bidezko prozesua eta aurrekontua baitituzte (Auzokide Plana).

Horiek horrela, gogoratu behar da Bilboko Udalak, Auzokide Planaren bidez, 12 milioi euro jartzen dituela urtero (1,5 milioi euro barrutiko), auzoetako obrak eta hobekuntza-jarduerak planifikatzeko, gauzatzeko eta garatzeko; obra horiei herritarrek eurek ematen diete lehentasuna Barrutietako Kontseiluen bidez, eragile politikoekin eta sozialekin batera.

Pertsona edo erakunde jakinentzako diru-laguntzen, sarien, laguntzen edo kontratazioen arloko proposamenik ez da onartuko, ez eta langileen gastuen arlokorik ere.

Epe barruan baino ezin dira proposamenak aurkeztu, 2019ko Udalaren Aurrekontuen Proiektua egin aurretik aurkeztu behar direlako. Dena dela, urtearen gainerakoan auzotarrek iradokizunak aurkez ditzakete udalak horretarako dituen kanal eta bideen bitartez.

NORK HAR DEZAKE PARTE?

Bilbon erroldatuta dagoen edonork, 16 urtetik gorakoa bada, datorren urteko aurrekonturako ideiak eta proposamenak aurkeztu ahal izango ditu, baita udalaren Herritarren Partaidetzarako Entitateen Erregistroan inskribatutako edozein entitatek ere. Horiez gain, ordenamendu juridikoaren arabera pertsonalitate juridikoa duten elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa-elkarteek, lanbide-elkargoek, zuzenbide publikoko korporazioek edo bestelako entitateek ere parte hartu ahalko dute. Azken kasu bi horietan ere eskari-egileek Bilbon erroldatuta egon beharko dute eta 16 urtetik gorakoak izan.

AURREKO URTE BIETAN IA 600 PROPOSAMEN

2016an sortu zen proiektu hau eta abian jarri zenetik 589 proposamen jaso ditu udalak. Aurreko edizio bietan jasotako proposamen guztietatik 149 izan ziren lehentasun-fasera pasatu zirenak eta beste guztiak bazterrean geratu ziren arrazoi teknikoengatik, arrazoi juridikoengatik, udalaren eskumenen barruan sartzen ez zirelako edo Auzokide Planaren barruan zein udaleko sailen planen barruan zeudelako. Azken urte biotako aurrekontuetan jasota geratu zirenak 34 izan ziren.

2017an Udalak 287 proposamen jaso zituen eta Udalaren 2018ko Aurrekontuetan jaso zirenak 17 izan ziren, guztira 2 milioi euroko balioa zutenak. Hona hemen:

  • Aldagelen eta zerbitzuen eraikin berria egitea Artxandako futbol-zelaian.
  • Pista bat egokitzea Errekaldeko kiroldegian Abiadurako Irristaketa Pista izan dadin.
  • Open Harrobia Otxarkoaga: kultura-arloko proposamena, Otxarkoaga auzoko Harrobian, orain arte egondako instalazioak egokitzea eta legeztatzea, 100 ikusle eduki dezakeen erakusketa-gela izan ahal izateko.
  • Gazte eta nerabeen artean ekintzailetza soziala sustatzeko proiektua.

Gainera, badira beste proposamen batzuk uriko auzoak edo uri barruko mugikortasuna hobetzearekin zerikusia dutenak; esate baterako, Castaños kaleko horma txukuntzea, San Adriango Floresta parkean iturri bi jartzea, San Ignazio eta Erandio bidegorri baten bidez lortzea edo uriko kaleetako seinaleztapena eta orientazioa hobetzea.

2016an ekimen hau abian jarri zen lehenengo urtean, 302 proposamen jaso ziren eta azkenean 17 geratu ziren jasota Udalaren 2017ko Aurrekontuetan. Proiektu batzuk, dagoeneko, amaituta daude. Hauexek aipa ditzakegu:

  • Open House Bilbao: Open House Bilbao Jaialdiaren aurreneko edizioan 35.000 bisita izan ziren. Ekimen honi esker, milaka pertsonak doan bisitatu ahal izan zituzte normalean herritarrek ikusteko itxita egoten diren Bilboko 47 eraikin publiko edo pribatuak. Open House Bilbao Jaialdiaren aurreneko edizioan izandako arrakasta ikusita, 2018an ere izango da jaialdia.
  • Zinema kalean: ekimen honi esker, uriko auzoetako plazak aire zabaleko zinema-areto bihurtu ziren batzuetan. Auzokoek doan ikusi ahal izan zituzten zenbait film.
  • IRALA100 urte: Bilboko Irala auzoaren mendeurrenaren ospakizunak.
  • “Eskola Bideak” programa. Eskolara joateko bide seguruak seinalatu zituzten.

Beste proiektu garrantzitsu batzuk gauzatzen ari dira orain; hala nola, edonork erabiltzeko rokodromoa, skatepark aldeak edo Larraskituko kiroldegiko rugby-zelaian aldagelak izango dituen harmaila.

Parte-hartze bidezko prozesuari buruzko informazioa udalaren webgunean (www.bilbao.eus) edota 010 telefonora deituta kontsultatu daiteke bihartik aurrera; hau da, apirilaren 19tik (eguena) aurrera.