BILBO. Gaur aurkeztu dute Bilboko Udaletxean Koldo Narbaiza Olaskoaga jaunak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Amaia Esquisabel Alegria andreak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketaren zuzendariak, eta Leire Cancio Orueta andreak, Elhuyarreko zuzendari nagusiak 2018ko Zientzia Azoka.

Aurkezpenean izan da, halaber, Sodupeko Maitane Alonso Monasterio gaztea, iazko Zientzia Azokan eta aurtengo Bartzelonako Exporecerca Jove azokan irabazle izandako bat; zientzia-proiektuak lantzearen eta bidean izandako bizipenak azaldu ditu.

Aurtengo Zientzia Azoka egitarau bete-betearekin dator. Eguerdiko 12tan hasi eta iluntzeko 8ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. Gazteek urtean zehar eginiko lanak izango dira protagonista. Aurtengo azokan ere, ikertzaile profesionalek euren proiektuak aurkeztuko dituzte ‘eremu profesionalaren gunea’ deiturikoan.

Azokaren aurtengo nobedade garrantzitsua, Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan, Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) jarraiki lanak antolatzea izan da.

Azoka, datuetan

  • 30 ikastetxetako 90 proiektu aurkeztuko dituzte 313 gaztek: neskak 174, eta mutilak 139
  • Bartzelonako Exporecerca eta Galiciencia zientzia-azoketan irabazle izan diren 2 talde ere etorriko dira
  • DBHko 66 talde eta Batxilergoko 24 talde izango dira, guztira
  • Bizkaiako 68 talde, Gipuzkoako 14 talde, Nafarroako 4 talde, Arabako2 talde, eskolaz kanpoko 1 talde, eta estatuko beste azoketako 2 talde izango ditugu
  • Aurkeztuko diren lanak gaiari, eta Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuei dagokienez, lanak 12 GIH desberdinetan banatuta daude

Egitaraua

12:00 Azokaren irekiera ofiziala instituzio eta erakundeen eskutik

Azokak 3 gune nabarmen izango ditu

Arkupeak. 12:00 - 15:00 eta 16:00 - 180 bitartean: gazteen stand-ak

Erdigunea. 12:00 - 18:30 bitartean: ikertzaile profesionalen eremua (UPV/EHU, UEU, Unesco Etxea, Deustuko Unibertsitatea, Elhuyar gunea) eta txikienen tailerrak

Eszenatokia. 19:00etan sari-banaketa.

Zientzia Azokako marrazkien erakusketa. Dibujatolratoren eskutik

Aipatzekoa da, Zientzia Azoka Elhuyarrek antolatzen badu ere, Bilboko Udalaren babesletzarekin eta Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela. Hain zuzen, Ikerbasqueko, UPV/EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko unibertistateko, Digipen Teknologia Institutuko eta Tecnaliako ikertzaileen laguntza jaso dute gazteek haien lana egiteko.

Eta, ondoren, gazteek zientzia-bizipenak luzatzen jarraitzeko, mundu profesional horretan diharduten Euskaltelek, Iberdrolak, ERABIk, Tecnalia Korporazio Teknologikoak, IK4 zentro teknologikoen aliantzak, CICNanogunek, TZBZ Berrikuntza Taldeak, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroak, Iruñeko Planetarioak, UEUk, UNESCO Etxea-k eta Neiker-Tecnaliak haiekin batera egonaldiak egiteko edo beka bidez ikasten jarraitzeko aukera emango diete gazteei.

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia- eta teknologia-alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Zientzia Azokaren irekieran ere elkartuko dira guztiak, larunbatean, apirilaren 21ean, eguerdiko 12:00etan.

Bilboko Plaza Barriko jardunaldia antolatzen laguntzaile izan ditugu, halaber, MetroBilbao, Casco Viejo Zazpi Kaleak Elkartea, eta Nafarroako Zientziaren Kluba, eta horiek ere han izango dira.