BILBO. “Bilboko Gida eta Bidaztien Gidaria Bizkaian” liburua lan koral bat da eta Bilboko hainbat monumentu eta anekdota jakingarri biltzen ditu. Bilbon argitaratu zen lehen aldiz 1846an, turismo gidak Europako hiriburu nagusietan berritasun bat zirenean.

Liburua aurkezten aritu dira Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto jauna, eta Bilbao 700 Fundazioaren zuzendaria, Miren Josune Ariztondo andrea.

“Bilboko Gida eta Bidaztien Gidaria Bizkaian” hau dugu Bilbao 700 Fundazioak argitaratzen duen Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako laugarren liburua, eta bertan ageri dira jasota Bilboko hainbat leku interesgarri, hala nola Plaza Barria, Aldundiaren “egoitza berria” Plaza Barrian (egun, Euskaltzaindiaren egoitza), Aduana Berria, Zirkua, eta Bilbo erromantikoko beste hainbat leku eta monumentu. Aipagarria da lehen aldiz argitaratu dela liburu hau euskaraz eta gazteleraz batera.

Bilboko alkateak azpimarratu duenez, “bitxi bibliografiko eder bat da, eta eskertzen diot bereziki Iñaki Esparzari Bilbao 700 Fundazioaren eskuetan jarri duelako berreskuratua izateko”. Juan Mari Aburtok orobat azpimarratu du argitaratzailearen garrantzia: “Adolfo Depont, zeinak 1846an argitaratu baitzuen bere GUIA DE BILBAO Y CONDUCTOR DEL VIAJERO EN BIZKAIA. Haren moldiztegia zen Lehen Karlistadaren osteko Bilbo hartan zeuden hiru garrantzitsuenetako bat”.

Bilbao 700 Fundazioaren zuzendari Miren Josune Ariztondo andreak esan duenez, argitalpen berri honen asmoa da “hitzaurrean esaten den bezala, gure herrialdea bisitatzera datorren kanpotarrak aurki ditzala gidaliburu honetan 1846ko Bilbo ezagutzeko behar dituen datu guztiak”.

BILBOGILEAK-MEMORIA DE BILBAO BILDUMA

Bilduma honen bidez berreskuratu egin da Bilborekin lotura izan duten eta gure historian lorratza utzi duten pertsona eta erakundeen lana eta nortasuna. Oroimen historikoa zorrotz lantzen da bilduma honetan, ibilbide atsegin eta erakargarri bat proposatuz, irakurketa bakoitza abentura pertsonal bat bihurtu dakion irakurleari. Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako orrialdeetan pentsaera guztietako jendeak agertzen dira, ikuspegi ireki eta integratzaile baten jabeak, zernahi arlotan aritutakoak (artea, politika, zientzia, kultura?), eta ondoko belaunaldientzat eredu eta erreferente etikoa izateraino nabarmendu direnak.