“Saio linbikoak” izenburua duten topaketen helburua ikus-entzuleak liburutegietara hurbiltzea da, musikaren bitartez. Aurrera eramango den lehenengo topaketa, asteazkenean izango da, hau da otsailaren 21ean. Gainera, Mikel Gorosabel, ‘Norton’, musikariak emango dio hasiera zikloari euskaraz. Ekitaldiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Formatu akustikoan izango diren emanaldi guztiek antzeko formatua izango dute. Artistak sei kanta eskainiko ditu, izakiaren lehen mailako sei emozio ebokatzeko xedez: poza, tristura, amorrua, beldurra, ezustea eta nazka. Horrez gain, artista bere ibilbide pertsonalean edo/eta profesionalean inspiratu duten idazleak, liburuak, diskoak? ere aipatuko dira, ikus-entzuleak kulturara eta literaturara hurbiltzeko, musikatik.
Horrela, gonbidatu bakoitzak, berak aukeratutako liburuak eta diskoak aipatuko ditu, horrela, ekitaldian zehar, une oro ikus-entzuleekin elkarrekintzan aritu ahal izateko. Izan ere, “Saio linbikoak” egitasmoak literatura, emozioak eta musika uztartu gura ditu, emanaldia eskaintzeaz gain, euren musika eta literatura esperientziari buruz ikus-entzuleekin solasean ere arituko diren artistekin.
Mikel Gorosabel izango da urte amaierara arte luzatuko den ziklo hau irekiko duena, euskaraz izango diren lau topaketarekin. EH Sukarra, Lorelei eta Norton Klub taldeen sortzailea den musikari eibartarrak “Barne Basoan Barna” bakarkako diskoa grabatu du, azken bi urteetan idatzitako abestiekin.