BILBO. Finken administrazioko profesionalak edukitzea auzokoen arteko gatazkak kudeatzeko eta elkarbizitzaren hobekuntzan sakontzeko helbuarekin egin dira lan-poltsak. Halaber, elkartearen eginbeharren eta eskaintzen dituen zerbitzuen berri emango dute (eraikinak kontserbatzeko beharra zaintzea, EITak betetzea, diru-laguntza publikoak kudeatzea, eta abar). Bilboko Udalak, eraikin eta etxebizitzen hiri-birgaitzea kudeatzeko ardura duen Surbisa udal-sozietatearen bitartez, lan-poltsa bat jarri du abian finken administrazioko profesionalentzat. SURBISA udal-sozietateak abiarazitako poltsaren bitartez, , elkarbizitzako arazoak dauzkaten elkarteek eta eraikinetako obrak kudeatzea nahi duten elkarteek elkarteak prestatutako finken administratzaileak errazago kontratatu ahal izango dituzte.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Finken Administrazioko Elkarte Profesional bateko kide direnek, Surbisak jarduten duen auzoetan ari badira (Zazpi Kaleak-Atxuri, Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zabala, Zorrotzaurre, Olabeaga, Irala eta Zazpilanda).
Poltsan sartzeko, hautagaiek prestakuntza ikastaro batera joan beharko dute martxoaren 12an, 13an, 14an eta 15ean.
Lan-poltsan egon nahi dutenek Surbisako bulegora (Erronda kaleko 6a edo surbisa@surb.bilbao.eus helbidera) bidali beharko dute eskaria otsailaren 28a baino lehen.
ZER DA SURBISA?
SURBISA udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Haren esku-hartzeko eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Otxarkoaga, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, eraikinen ondasuna segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.