BILBO. BilbaoDendak-ek eta Bilboko Udalak atzera ere indarrak batu dituzte saltokietan eta ostalaritzako establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko ekimen bateratua bultzatzeko. Euskara sustatzeko sinbolotzat gure basoetan bizi den txantxangorria aukeratu dute lankidetza-hitzarmen honen bidez. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak eta Aitor Elizegi BilbaoDendak-eko presidenteak sinatu dute akordioa. “Eman hegoak euskarari" Eusko Jaurlaritzaren kanpainarekin bat etorrita, Bilboko Udalak eta BilbaoDendak-ek bereizgarri bat diseinatu dute txantxangorri batekin, komunikaziorako euskara darabilten saltokiak lehenengo begi-kolpean identifikatzen laguntzeko, gure hizkuntzarekin duten konpromisoa erakutsiz. Elkartearen barruan dauden saltokiek BilbaoDendak-en eska dezakete txantxangorria, 946 002 200 telefonora deituta edota mezua bidalita info@bilbaodendak.eus helbidera.
Bilboko dendek zeresan handia izan duten aurreko ekimenetara batu da honako hau. 2016an, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileran laguntzeko programa bat jarri zuen abian, hain zuzen ere, euskara laneko hizkuntza izan zedin; programa horretan herritarrei dei egiten zien euskara euren ohiko hizkuntza izan zedin. Ildo berean, Bilboko Udalak merkataritzari begirako berariazko programa dauka, Biribilko izenekoa (Bilbo komertziala).
Bezeroei kalitatezko zerbitzua ematea da BilbaoDendak-en funtsezko helburuetako bat. Bilboko merkataritzako jarduera eta turismoa bultzatzeko plataforma da BilbaoDendak eta haren barruan 2.000 saltoki baino gehiago daude. Helburu handi hori bete ahal izateko, lan-ildo nagusienetako bat uriko saltokietan euskara bultzatzea da. Bezeroari hizkuntza ofizialetako edozeinetan zerbitzua eskaintzea giltzarria da, batetik, herritarren artean gero eta gehiago erabiltzen delako euskara eta bestetik, saltokiek eta merkatariek milaka urte dituen gure hizkuntzaren erabileran eta zabalkundean euren alea jartzeko aukera dutelako.
BALIABIDE PRAKTIKOAK
Merkataritzako sektoreak gure urian garrantzi ekonomiko eta sozial handia duela kontuan hartuta, Biribilkok nortasun propioa eustean jarri du arreta eta horren barruan euskarak pisu handia du. Bilboko Udalaren Biribilkoren barruan bi ikastaro mota eskaintzen dira Bilboko merkataritza establezimenduetan lan egiten duten langileentzat: euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa eta euskara komertziala hobetzeko ikastaroa.
Prestakuntzaz gain, programa honen bidez euskara erabili eta zabaltzeko tresnak eskura jartzen zaizkio merkataritzako sektoreari (www.biribilko.eus), besteak beste, doako sarbidea sareko hiztegietara, material didaktikoetara eta internet bidezko autoikaskuntzarako bestelako errekurtsoak. Horrela, bada, euskarazko oinarrizko esamoldeak, sareko itzultzaile automatikoak, merkataritzako errotulazioa, merkataritzako hiztegia eta euren lanean ohikoak diren agiriak eta euskarriak aurkituko dituzte merkatariek sarean.
GOGOBETETZE-MAILA HANDIA
2009an abiatu zenetik, Biribilkoren barruan antolatzen diren euskara-ikastaroetako partaidetza hazi egin da; guztira, urte hauetan guztietan1.261 izen-emate egon dira. 2016-2017 ikasturtean, Bilboko saltokietako 170 langile matrikulatu ziren euskara ikasteko eta praktikatzeko ikastarootara. Batez besteko adina 45 urtekoa da eta izena eman zuten guztien % 74,8 emakumezkoak.
Ikastaroei buruzko oso balorazio positiboa egiten dute ikasleek. Ikasleek, batez beste, 8,4 puntu ematen diete ikastaroei, 0 eta 10 arteko eskalan; gainera, partaideen % 60ren iritziz, dendetan euskara erabiltzea modernizazioarekin, prestigioarekin eta erakargarritasunarekin lotzen dute.
Izan ere, Biribilkoren leloetako bat erabilita, “euskaraz zure negozioa errentagarriagoa da”, Bilboko saltokietako jabeek eta langileek badakite bezeroei zerbitzua euskaraz ematen zaienean negozioa errentagarriagoa dela batetik, eta bezeroak fidelagoak direla eta kalitate handiagoko zerbitzua bermatzen dela, bestetik. BilbaoDendak-ek eta Bilboko Udalak Bilbo euskaldunagoaren aldeko apustu sendoa berretsi dute eta erronka horretan saltokiek berebiziko lekua hartzen dute.